Ertzaintzak egun hauetan Madrilen egingo den SICUR – Segurtasuneko Nazioarteko Azokan parte hartuko du

0
PRUEBA

Bere standean polizia integrala eta herritarrekiko gertukoa dela erakutsiko du, bai eta berdintasunean aurrera egiten ari dela ere, azken urteotan emakumeen presentzia areagotuta

Ertzaintzak otsailaren 22tik 25era bitartean Madrilen egingo den SICUR – Segurtasunaren Nazioarteko Azokan parte hartuko du. Bi urtez behin egiten den azokak segurtasun publikoko eta pribatuko profesionalak eta erabiltzaileak, elkarteak eta enpresak elkartzen ditu. Ertzaintzak ekitaldi garrantzitsu horretan parte hartuko duen laugarren aldia izango da, eta bere polizia eredua eta antolaketa azalduko ditu bertan, gizarte moderno batekin lerrokaturiko polizia integrala, gertukoa eta herritarren zerbitzura dagoena dela erakusteko, eta nabarmenduko du emakumeen presentzia etengabe joan dela zabaltzen polizia-eremu guztietan. Berez, iazko urtearen amaieran Victoria Landa intendenteak Ertzaintzaren zuzendaritza kargua hartu zuen, eta Polizia Autonomoaren 40 urteko historian postu horretara iritsi zen lehenengo emakumea bihurtu zen. Standean Trafikoko Unitatearen motorren erakusketa eta Polizia Zientifikoaren modulu bat ere egongo dira.

Ertzaintzak stand bat jarri du SICUR 2022 azokan segurtasunaren arloko profesionalei eta jendeari, oro har, polizia integral gisa duen antolaketa-eredua eta funtzionamendua azaltzeko. Eremuak hiru gune ezberdin izango ditu, eta emakumeak Ertzaintzan duen presentzia eta pixkanaka emandako aurrerapausoak nabarmenduko dira.

Lehenengo gunean gizarte moderno eta europarrarekin lerrokaturik dagoen baina gure ezaugarri kulturalak albora uzten ez dituen polizia gisa aurkeztuko da. Horretarako, Ertzaintzaren hainbat funtzio, herritarrekiko gertutasuna eta zerbitzua eta emakumearen ordezkaritzak polizia-esparru guztietan izan duen aurrerapena adieraziko duten irudiak erabiliko dira. Alde horretatik, emakumeak sartzeko prozesua 1983ko bigarren promozioan lehenengo 94 emakumeak sartu zirenetik erakutsiko da. Lehenengo urte horietan Polizia eta Larrialdietako Akademian sartzen ziren guztien % 10-15, edo gutxiago, ziren emakumeak. 2009an jauzi kuantitatibo bat eman zen, eta hurrengo promozioetan guztien % 15-25 izan ziren, eta azken bi urteotan, adibidez, % 30 izatera iritsi dira. Berez, Akademiatik irten den azken promozioa, 29.a, 654 pertsonak osatzen dute, eta horietatik 205 dira emakumeak.

Standaren gaineko egiturako irudiak haritz hostoaren erreferentziak izango ditu, Euskadiren eta Ertzaintzaren identitate korporatiboaren erakusgarri, bai eta Euskadiren kokapena ere Europako mapan.

Bigarren gunea arlo sozialari eskainiko zaio. Mahaiak eta aulkiak izango dituen txoko horretan pantaila bat egongo da gauzatu diren H2020 Europako Proiektuetan Ertzaintzak egindako jardueraren berri emateko eta une honetan zein planetan parte hartzen ari den azaltzeko. Bilerak egiteko txoko bat egongo da Segurtasun Saileko pertsonalarentzat eta beste erakunde batzuekin elkartu ahal izateko.

Azkenik erakusketa gunean Trafiko Unitatearen motor batzuk jarriko dira ikusgai, Ertzaintzaren 40. urteurrena dela eta, eta Polizia Zientifikoaren modulu batean prozedura teknikoak erakutsiko dira eta ikus-entzunezko edukia ikusi ahal izango da.

Jardunaldi teknikoak eta analisi eta eztabaidarako guneak

Merkataritza-eskaintza egiteaz gainera, Foro SICUR biltzar-programak sektoreko adituak elkartuko ditu segurtasun globalaren erronka eta eskakizun berriak, larrialdien kudeaketako operatiba, pandemiaren krisiaren kudeaketa eta osasun publikoaren eta laneko osasunaren arteko koordinazioa aztertzeko, eta, besteak beste, zibersegurtasunari arreta zabala eskainiko zaio.

Ertzaintzaren izenean esku-hartze adierazgarrietako bat Iosu Alonso Brigada Mugikorraren Unitateko buruak egingo du, eta “Ertzaintza, berrikuntzaren aldeko konpromisoa – Adibide batzuk” izenburupean, Ertzaintza bazkide zientifikoekin, akademikoekin eta teknologikoekin batera Europako zein proiektutan parte hartzen ari den aurkeztuko du otsailaren 22an eta 23an.

Bestalde, Francisco Llaneza Ertzaintzako Segurtasun Pribatuaren Unitate Zentralaren arduradunak, segurtasun pribatuaren digitalizazioari buruzko eztabaida-foro batean esku hartuko du.

IFEMAk Madrilen otsailaren 22tik 25era bitartean antolatu duen SICUR azoka Espainian segurtasunari buruz egiten den nazioarteko erreferentea nagusia da. Bi urtez behin egiten da, eta segurtasun publikoaren eta pribatuaren esparruko enpresak, elkarteak, profesionalak eta erabiltzaileak elkartzen ditu. Guztira 20 herrialdetako 500 enpresa baino gehiago izango dira bertan, eta SICURen eskaintzaren arlo nagusietako azken berrikuntza eta garapen teknologikoak erakutsiko dituzte:  Security segurtasun elektronikoan, segurtasun fisikoan eta ondasunak eta bizitzak babesteko zerbitzuetan izandako aurrerapenak azaltzeko; Zibersegurtasuna, zibermehatxuen aurrean enpresen datuak, sistemak eta informazioa babesteko tresna eta soluzioetarako; suteei eta larrialdiei aurre egiteko segurtasuna, suaren kontrako babes pasibo eta aktibora bideratutako produktuei eta soluzioei buruzkoa; eta laneko segurtasuna, Norbera Babesteko Ekipamenduetako (NBE), laneko arriskuen prebentziorako eta lan-osasunaren arloko proposamen berriak aurkezteko.

Azoka leku segurua izango da koronabirusak eragindako pandemiaren aurrean, eta segurtasun-protokolo sanitario zorrotza izango du. Horrela COVID ziurtagiria edo azken 24 orduetan egindako test negatibo bat izatea eta FFP2 maskara erabiltzea eskatuko da, besteak beste.