I•D arte, Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako ikasle zein irakasleak ekitaldiz beteriko aste trinkoan murgiltzear dira. Hemen da I•D ASTE, I•D arteko diseinuaren astearen bosgarren edizioa.
Otsailaren 23, 24 eta 25ean, geldialdia egingo dute guztiek eskolako eguneroko jardueran, ohiko klaseetan etena, eta hainbat sektoretako profesionalak gonbidatuko dituzte eskolara, haiengandik ikasi eta kontatzeko duten guztia entzuteko. Profesional horien eskutik, I•D arteko hezkuntza-komunitate osoa sormenaren beste esparru batzuetara hurbilduko da, ikastetxeak ematen dituen ikasketetatik –diseinu grafikoa, barrualdeen diseinua, ilustrazioa, argazkia eta animazioa –hurbil dauden beste lurralde batzuetara, baina egunerokotasunean hain modu espezifikoan jorratzen ez direnak.
Horrela, I•D ASTEk sormen-jarduera profesionalari buruzko ikuspegi desberdina, zabalagoa eta zeharkakoagoa eman nahi die ikasleei, eta egun hauetan ikastetxeko irakasleak ere ikasle bihurtzen dira. Tailer, hitzaldi edo mahai-inguruen bidez, sormenaren beste alderdi batzuetara hurbilduko dira, hala nola argiztapenera, marrazketara, musikara, tipografiara, serigrafiara, arkitekturara edo altzarien diseinura, besteak beste.
Hiru egun, hogeita hamar jarduera
Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak 30 jarduera antolatu ditu datozen hiru egunetan, eskolaren egoitzan bertan. Bihar, asteazkena hilak 23, 3D softwarearen inguruko Unreal Engine tailerra egingo da, F2P Campus-en eskutik. Horrez gain, argazkigintzako eta diseinuko hainbat profesionalen hitzaldiak ere izango dira, hala nola María Otegui barne-diseinatzailea eta Selene Ibarra argazkilariarenak. Mikel Zabalegi, furgonetak eraldatzen (kanperizatzen) dituen Zuren Camper enpresako kidea berriz, mota horretako ibilgailuentzako altzariak pertsonalizatzeko eta diseinatzeko egiten duen lanaz arituko da.
Ostegunean, hilak 24, Aitor Oñederra animatzaileak, Eugenio Hernandez argazkilariak, Mintxo Cemillan ilustrazio adituak eta Edgar Briz arkitektoak parte hartuko dute jardunaldietan. Hurrengo egunean, ostiralean, Juan Luis Blancoren tipografia tailerrean parte hartuko dute, eta Hemendik elkarteak izen bereko liburua(Hemendik), aurkeztuko. Liburu honetan Euskal Herriko diseinuan ikoniko bihurtu diren 50 objekturen istorioak kontatzen dira.
Azkenik, asteari amaiera emateko, Noemak taldeak kontzertua eskainiko du I•D arten. Kepa Junkerarekin Sorgiñak taldean sei urtez agertokiz agertoki ibili ondoren, zazpi musikari gazte hauek trikitixa, hainbat pandero mota eta perkusio instrumentu bitxiak uztartzen dituzte euren ahots indartsuekin.
Goya saridunak I•D ASTEn
Baina azken egun honetan, ostiralean, I•D artek Urko Olazabal aktorearen bisita ere jasoko du, Maixabel filmean egindako lanagatik Goya Saria irabazi berritan. Olazabalek interpretazioan, hainbat film laburren gidoigintzan edo ikus-entzunezko irakasle gisa egiten ari den ibilbide profesionala azalduko du.
Baina hau ez da I•D ASTEk Goya saridunen baten parte-hartzea izango duen lehen aldia. Iaz, Nerea Torrijos jantzi-diseinatzaileak Akelarre filmerako jantziak diseinatzeko izan zituen inspirazio-iturriak partekatu zituen ikasleekin. Film horrekin Jantzien Diseinu Onenaren Goya saria lortu berri zuen 2021ean.
Zer da I•D arte?
Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola publikoa da I•D arte. 2019-2020 ikasturtetik egoitza berria du Betoñun, estilo neogotikoko komentu izandakoan, baina eskolak bi hamarkadatik gorako ibilbidea egin du Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloko ikasketak eskaintzen Gasteizen. “Ideiak, diseinua eta artea” kontzeptuak uztartzen ditu eskolak bere izenean, baina “ideiak, diseinua eta artea” ikastetxe hau hartzen duen eraikin bereziaren edozein txokotan ere ernetzen dira, ikasleek “do it yourself” filosofia gidari hartuta ikasten eta garatzen baitute hemen euren sormena (egizu zuk zeuk, edo eginaz ikastea).
I•D artek Goi Mailako Prestakuntza Zikloak zein Diseinuko Goi Mailako Graduak eskaintzen ditu. Orotara, bost titulazio ezberdin:
–Goi Mailako Prestakuntza Zikloak (2 urtekoak)
- Argazkigintza
- Ilustrazioa
- Animazioa
–Diseinuko Graduak, (4 urtekoak)
- Diseinu grafikoan Gradua
- Barne diseinuan Gradua
I•D arte da Euskadin Goi Mailako Diseinu Graduak egiteko aukera eskaintzen duen zentro publiko bakarra.