Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak premiazkotzat jo du Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismoko Europako baliabideak Euskal produkzio-sarera iristea

0
PRUEBA

Pedro Azpiazu sailburua Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean agertu da, Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismoaren eskutik jasotako Europako funtsen egoeraren berri emateko. Hiru alderditan oinarritu da: Euskal Autonomia Erkidegoari transferitutako zenbatekoak; Ministerioen zuzeneko kudeaketa; eta Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismoko 70.000 milioi euroko maileguen eskaera. Agerraldi horretan agerian utzi du premiazkoa dela baliabide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-ehunera iristea.

Lehenik eta behin, Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoei transferitutako zenbatekoei buruz emandako zifren eta Eusko Jaurlaritzak kontuan hartutako zifren artean dauden aldeak azaltzen saiatu da; izan ere, ministerioek funtsak bideratzeko askotariko tresnak erabiltzen dituztenez eta, hartara, kontabilizazio-irizpide uniformerik ez dagoenez gero, informazioa ez dator bat. “Desadostasun horiek ez dira ebatziko harik eta Errekuperazio, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketarako eta jarraipenerako informazio-sistema informatikoa erabilgarri eta operatibo egon arte, eta sistema horren ezarpena  asko atzeratzen ari da”, aditzera eman du sailburuak.

2021eko abenduaren 31ra arte, Estatuko Administrazio Orokorrak 17.163 milioi euro banatu ditu autonomia-erkidegoen artean 2021-2023 aldirako. Zenbateko horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoari 665,4 milioi euro egokitu zaizkio. “Guztizkoaren % 3,9, eta, gure iritziz, Estatuaren osotasunean dugun pisuagatik egokitu behar zitzaigun funtsetik oso urrun dago”, adierazi du Azpiazuk.

Azpiazuk Euskal Autonomia Erkidegoak 2022an jaso ditzakeen zenbatekoei buruzko proiekzioa egin du; izan ere, 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorrek 26.900 milioi euro bideratuko dituzte Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planera. Horietatik, 8.712 milioi euro autonomia-erkidegoei transferituko zaizkie. 2021ean bezala, Euskal Autonomia Erkidegoari guztizkoaren % 3,9 esleitzen bazaio, guztira 340 milioi euro dagozkio. Zenbatekoa biztanleria-pisuaren arabera (% 4,7) banatuko balitz, 407 milioi euro jasoko lituzke.

Ministerioek zuzenean kudeatzen duten zatitik, jakina da orain arte Euskal Autonomia Erkidegora honako esleipen hauek iritsi direla:

  • ESS Bilbao partzuergoari (Lund-eko, Suedia, espalazio-neutroien Europako iturrirako espezie-ekarpen gisa): 3,3 milioi euro
  • Donostiako Zinemaldiari: 0,06 milioi euro
  • Hainbat udali, hiri-agendako tokiko gizarte-ekintzako planen proiektu pilotuak egiteko: 0,85 milioi euro
  • Hainbat udali, administrazioen eraldaketa digitalerako eta modernizaziorako: 3,81 milioi euro
  • Hainbat udali, merkataritza-sektorera zuzendutako laguntzetarako: 5,83 milioi euro
  • Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakunderi, zientzia, teknologia eta berrikuntzako sistema nazionaleko gaitasunak indartzera zuzendutako proiektuetarako: 8,17 milioi euro
  • UPV/EHUri, UNICO-5G I+G programarako: 1,28 milioi euro
  • UPV/EHUri, hezkuntza-sistemaren modernizaziorako eta digitalizaziorako: 19,36 milioi euro
  • Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakunderi, zientzia, teknologia eta berrikuntzako sistema nazionaleko gaitasunak indartzeko: 1,35 milioi euro

Nolanahi ere, oraindik ez da egin iragarritako Errekuperazio eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategikoak gauzatzeko laguntzen deialdia. Errekuperazio eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategiko horiek  eta zenbait Ministeriotan prestatzen ari diren proiektu berezien deialdiak izango dira, hain zuzen ere, Euskadi Next programan jasotako proiekturik adierazgarrienetarako finantzaketa lortzeko bidea. Ekonomia eta Ogasun Saila proiektu horien arloko proaktibitate-lan handia egiten ari da ministerioekin, baina Azpiazu sailburuak argi eta garbi utzi du premiazkoa dela Europako baliabideak euskal ekoizpen-sarera “behingoz” iristea.

“Funtsezko 24 hilabete ditugu Espainiari diru-laguntza gisa esleitutako lehenengo 70.000 milioiak konprometitzeko. Hilabete horiek ere oso garrantzitsuak izango dira beste 70.000 milioiak mailegu gisa eskatzeko”, erantsi du Azpiazuk. Zenbateko hori eskatzeko, Europari beste Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Plan bat aurkeztu beharko zaio, administrazio publikoek gauzatu beharreko esku-hartzeak handituko dituena. “Aukera paregabea da autonomia-erkidegoak eta tokiko erakundeak plan hori handitzeko diseinuan inplika daitezen”, adierazi du.

Ildo horretatik, sailburuak aditzera eman du kreditu-lerro hori eskuratu ahal izatea “funtsezkoa” dela, batik bat egonkortasun- eta hazkunde-ituna eta zerga-kontsolidazioko arauak pixkanaka itzuliko diren testuinguruan. “Gure eskumenen esparruan inbertsioak finantzatzeko baliabideak eskuratzeak ez du inola ere ekarriko erabakitzeko ahalmen txikiagoa, ezta autogobernua murriztea ere”, hausnartu du. Azkenik, Azpiazuren iritziz, Europako gobernantza ekonomikoa berrikusteak ez du eragotziko egiteke dauden eraldaketa handietan inbertitzearen alde egiten jarraitzea.