Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondorekin batera, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean agertu da gaur Kirolalde, Kiroleko Indarkeriaren aurkako Euskal Batzordearen 2021eko jardueraren balantzea azaltzeko.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Segurtasun saileko Joko eta Ikuskizunen zuzendaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, EUDEL, Euskal Kirol Federazioen Batasunak, federazioek edo kirol esparruan zeresana duten hainbat adituk osotzen dute Kiroleko Indarkeriaren aurkako Euskal Batzordea. Hauek dira Batzordearen helburu nagusiak: euskal kirolean dagoen indarkeriaren egoerari buruzko informazioa ematea, kirol jardun egokia bultzatzea, indarkeriazko jarrera eta jokabideak prebenitzea eta kirol jardunari lotutako balioen hezkuntza bultzatzea.
Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, bost izan dira batzordean 2021ean azaldu diren jardun nagusiak:
- Futbol ligen monitorizazioa
- Unitate didaktikoak balioak eta errespetua indartzeko
- Teknikariei emandako prestakuntza
- Haurrak babesteko eratu berri den ordezkaritza berriaren prestakuntza
- Kirol ingurune eta kirol profesionalean gertatutako urteko gertakarien jarraipena
Kirolarte
Euskadiko Futbol Federazioarekin lankidetzan futbol amateurrean indarkeria monitorizatzeko «Kirolarte» programa pilotuaren urteko jarraipena egin da. Monitorizazio-sistema horren bidez, aurrea hartu nahi zaie indarkeria mota ezberdinetako portaerei, bai parte hartzen duten taldeen jokalari zein entrenatzaileen aldetik eta baita inguratzen diren zaletuen aldetik ere. Bi liga dira monitorizazio programa honetan ebaluatzen diren futbol txapelketak: 3. Maila eta Jubenilen liga.
2020-2021 denboraldian 39 ekipo eta 468 partida ebaluatu dira, partida guztien 98,52%. Kontutan hartu behar da, urte berezia izan dela 2021a, publiko ezagatik edota publiko mugatuagatik. Partidaren puntuazioa epaileak jartzen du. Bera da partida ebaluatzen duena. Emaitzak aztertu ondoren Euskadiko futbol amateurreko ligak kiroltasunean jokatzen direla ondorioztatzen da, kirol-liga gisa karakterizatu daitezke. Izan ere, epaileek ebaluatu dituzten 468 partida horien bataz besteko puntuazioa kiroltasunari dagokionean, 8,65ekoa izan da 10etik. Puntuazioa hau aurreko denboraldian baino altuagoa da 8,48koa izan baitzen orain bi urteko denboraldian.
Gainera, kiroltasunik gabeko partida bezala puntuatu dituzten partida kopuruak behera egin du aurreko denboraldiarekin konparatuta: 2019-2020an partiden %18 izan ziren epaileek kiroltasunik gabeko partida bezala jo zituztenak eta aldiz, iaz, ebaluatutako partiden %7,9.
Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, gertaera bortitz larrien agerpenak “oso noizbehinkakoak eta isolatuak izan dira. Eta orohar, esan bezala, pandemiak ere izan du eraginik estadioetako bake-giroan. Jenderik ez egoteak nabarmen murrizten ditu indarkeria-adierazpenak eremuan”.
Orain Euskadiko Futbol Federazioarekin elkarlanean helburua programa hau Euskal Autonomia Erkidegoan dauden futbol lurralde federazioek kudeatzen dituzten liga ezberdinetara zabaltzea da.
Kirol profesionalaren inguruko gertakari publikoen arloan ere, kontutan izan behar da 2021 urtea berezia izan dela publiko mugatuarekin egin direlako txapelketa eta partidu asko. Guztira 18 zehapen espediente ireki dira, %90 norbanakoei eta %10, klubei. Lurraldeka, honakoak dira datuak: Araban 4 norbanakoei eta 1 klub bati; Bizkaian 3 norbanakoei eta 1 klub bati, eta Gipuzkoan 9 norbanakoei, eta klubei bat ere ez.
Datuen arabera, espedientea irekitzeko arrazoi errepikatuenak borrokak/erasoak/irainak izan dira, 5 espedienterekin, eta alkoholaren sarrera eta kontsumoa kirol-esparruetan, 6 espedienterekin. 2021ean hasitako espedienteen % 100 futbolean egin dira. Maila profesionaleko futbolarekin lotutako gertakariak kirol-ekitalditik kanpo eta/edo kirol-espaziotik urrun gertatzen dira.
Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean adierazi duenez, “Kirolalde Batzordearen konpromisoa irmoa da Euskadiko kirol jarduera errespetuzko, kiroltasunezko eta orohar giza baliotan garatu dadin. Eta konpromiso horri lankidetzan eta erakunde zein sektorea elkar hartuta erantzun behar diogul. 2021eko jarduna printzipio horietan oinarritu da, eta 2022an ere bide horretatik segiko dugu”.
Formazioa
“Kirolarte” monitorizazio programarekin batera eta Euskadiko Futbol Federazioak antolatzen dituen ligetan tolerantzian, errespetuan eta fair-play-an oinarritutako unitate didaktikoak garatzen dira jokalariek eta teknikariek kirolaren berezko balioetan oinarritutako kirol-hezkuntza jaso dezaten. Hamabi klubek parte hartzen dute ekimen honetan eta entrenamenduan zehar, zelaian bertan, jasotzen dituzte azalpenak kirolari eta teknikariek ondoren joko-eremuko indarkeriaren adierazleen gaineko balioetan prestakuntza espezifiko batek duen eragin-maila kalkulatzeko.