Eusko Jaurlaritzak, Hernaniko Udalak eta Coutheko Zuzendaritzak, enpresa Hernaniko Galarretako Campusera eramatea erabaki dute

0
PRUEBA

Hernaniko Couth enpresa lekuz aldatzeko kokalekuak aztertzen ia urtebete eman ondoren, azkenean inplikatutako erakundeek, Eusko Jaurlaritza eta Hernaniko Udala, batez ere, eta enpresako zuzendaritzak berak erabaki dute Hernanin dagoen Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko Galarretako Campusaren eremua izatea enpresa instalatuko den tokia.

Hala erabaki dute gaur arratsaldean Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egindako bileran Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Jose Antonio Erdozia Coutheko CEOak. Estibaliz Hernáez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidenteak, Itziar Epalza zuzendaria nagusiak eta Txaber Ouro Sprilurreko zuzendari nagusiak ere hartu dute parte bileran.

Erabaki horrek lan-ildo bat berraktibatzea ekarriko du. Lan-ildo hori aldez aurretik ere aztertu da, eta orain berreskuratu egin da, erakundeen arteko inplikazioari eta lankidetza publiko-pribatuari esker. Gaurko bileraren ondorioz, berehala ekingo zaie Couthek Hernanin, Galarretako Campusaren barruko instalazio berrietan, jarraitzeko negoziazioei.

Erakundeen inplikazioa Galarretako Campusarekin

Erabaki hori abiapuntua eta erreferentzia da, eta horren bitartez erakunde guztiek lanean jarraitzeko eta Galarretako Campusaren garapena suspertzeko konpromisoa hartu dute, ez bakarrik Couthen etorkizuneko kokapenari dagokionez, baita Hernani inguruan interesa duen enpresa-sarearekin administrazio bideratzaile eta laguntzaile gisa jarduteko ere.

Inplikatutako erakunde eta eragile guztiek egoera bideratzeko eta Couth enpresa Galarretako Campusean ezar dadin modu aktiboan lan egin dute. Puntu horretara iritsita, Sprilurrek konponbideak bilatzeko egindako lana eta emandako denbora nabarmendu dira bileran, eta erakunde guztiek eta enpresak berak bat egin dute Galarretako Campusa Couthen etorkizuneko garapenerako kokapen egokia dela esatean. Aukera egokia dela uste dute, eta elkarrekin egingo dute lan Couth Hernanin egon dadin eta esparru zientifiko eta teknologiko horrek garapen ekonomiko berria eta enpleguaren sorrera ekarriko duten etorkizuneko enpresei ateak ireki diezazkien.

Couth proiektuaren hedapena Galarretan

Markatze eta trazabilitate industrialean espezializaturiko Couth enpresa, hedapen-unean dago E2M enpresa erosi ondoren. Enpresa hori industria-prozesuak ikusmen artifizialaren bidez sentsorizatzeko sistemen diseinuan eta fabrikazioan dago espezializatuta. Horrela, eraikin berria eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkera lekualdatzeko erabakia, Adimen Artifizialaren eta sistema elektronikoen esparruan balio erantsi handiko jarduerak garatzearen alde konpainiak egiten duen apustua da.

Enpresak Hernanin jarraitu nahi duela adierazi du beti, eta jadanik badu eraikin berria eraikitzeko proiektua. Proiektu hori Galarretan ezarri ahal izango da, gaurko bileraren ondoren izapideari berriro ekiten zaionean.

Couthek aurkeztutako eraikin berriaren proiektuan aurreikusten den bezala, instalazioek 3.082 m2-ko lurzatia beharko dute. Fatxada Campuseko gainerako eraikinekin bat etortzeko diseinatu da, eta beirazko azalera handia izango du, panel arkitektonikoarekin modu berezian konbinatuta. Era berean, energia-instalazio eraginkorrak egingo dira (batez ere fotovoltaikoak), ia kontsumorik gabeko eraikina izan dadin.

Instalazio horien barruan, Couthen diseinatutako makinak mihiztatzeko linea instalatuko da, eta I+Grako, bulego teknikorako, adimen artifizialerako eta laguntza-prozesuetarako lekua egongo da. Konpainiak eraikin berria eraikitzeko aurreikusitako inbertsioa 4,5 milioi eurotik gorakoa da, eta eraikuntza lanak 15 hilabeteko epean amaituko direla uste da.