Osakidetzak jarraitzen du elkarrizketarako prest, eta sindikatuei eskatzen die akordioaren bidera bueltatzeko, Euskadiko osasun-sistema hobetzeko elkarrekin lanean jarraitzeko
Osakidetzak dio pena dela Mahai Sektorialaren bilerara bertaratzeko deitutako sindikatuek bertaratuko ez direla esan izana. Gai-zerrenda zuzendaritzaren eta sindikatuetako ordezkarien ekarpenen bidez prestatzen da eta, hartan, aurreikusten zen zuzenean Euskadiko osasun-sistemako plantillan eragina duten alderdiak negoziatzea, besteak beste: lanbide-garapena ordaintzeko lortutako aurreakordioa zehazteko modua eta 2018/19 LEPen prozesuan eman beharreko hurrengo urratsak. Bi kontu horiek zuzenean dute eragina langileengan, eta negoziatzen jarraitu behar da, zehazten amaitzeko.
Bilera, azkenean, egin egin da, baina alderdi sindikala ez da bertaratu eta, ondorioz, zenbait erabakitan atzerapenak egon daitezke, hala nola Garapen Profesionala abian jartzea. Mahai Sektorialean, bere garaian sindikatuekin lortutako aurreakordioa bete dela jakinarazi da. Akordio hori laster aurkeztuko da Gobernu Kontseiluaren onespenera, Lanbide Garapeneko ezohiko deialdi bat sustatzeko. Hala ere, deialdi hau gauzatzeko konpromisoa eredu berri bat zehaztuko duen negoziazio-prozesu bati ekitearekin lotuta dago. Hori dela eta, Osakidetzako langileen Garapen Profesionalari dagozkion zenbatekoen ordainketa, guztira 300 milioi euro baino gehiagokoa dena, atzeratu egin daiteke, sindikatuak bertaratu ez direlako.
2018/19 LEPen prozesuari dagokionez, haren bigarren faserako gaiak aurkeztu dira, sindikatuek batu zituzten alegazioekin; izan ere, aurretik lantzen jardun zen alderdi hori. Prozesu horrek bere bideari jarraituko dio, nahiz eta sindikatuak bertaratu ez.
Osakidetzak jarraitzen du elkarrizketarako, negoziaziorako eta akordiorako prest, eta zentral sindikalei eskatzen die hitzarmenaren bidera bueltatzeko, Euskadiko osasun-sistemaren hobekuntzarekin jarraitzeko. Hori dela eta, gaurtik bertatik, harremanetan jarriko da sindikatuekin, alde biko bileretara deitzeko, orain arte egin den bezala, negoziazioan aurrera egiten jarraitu ahal izateko.
Kontu horiek aurreko bileretan ere aztertzen ziren, grebarako deialdiaren aurrekoetan, eta, Osakidetzaren iritziz, eragin zuzena dute lan-baldintzetan eta Mahai Sektorialean aztertu, eztabaidatu eta adostu behar dira.
Hori horrela, Zuzendaritza Nagusiaren iritziz, Mahai Sektorialak jarraitzen du beharrezko negoziazio-foroa izaten, erabat bidezkoa, Osakidetzako langileen onerako eta, beraz, erabiltzaileen eta euskal herritarren onerako ere izango diren akordioak hartzeko. Horrenbestez, Osakidetzak sindikatuei eskatzen die elkarrizketari berriro heltzeko eta osasun-sistemaren berreskurapenean elkarrekin lanean jarraitzeko.