San Mamesek Metallicaren kontzertua hartuko du uztailaren 3an, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Live Nation sustatzailearen arteko elkarlanari esker posible izango den ekitaldia. Kalkuluen arabera Metallicaren emanaldian 45.000 pertsona bilduko dira eta Bilbao-Bizkaia Rock Day, rock jardunaldi luzearen amaiera izango da, egun horretan talde kaliforniarraren aurretik Weezer, The Hellacopters, Nothing But Thieves eta The Regrettes izango direlako San Mameseko agertokian.
Metallicak gaur jakinarazi du Bilbao-Bizkaia Europan egingo duen hurrengo biraren daten artean dagoela eta San Mameserako sarrerak ostegun honetan bertan, hilak 24, jarriko dira salgai Ticketmaster plataformaren bidez eta Live Nationen webgunean (www.livenation.es).
Ilusioa berreskuratzea eta eragin ekonomikoa sortzea
Biek, Bilboko alkateak eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, nabarmendu dute Metallicaren bisitak indartu egiten duela hiriaren eta lurraldearen posizioa nazioarteko ekitaldi handiak hartzeko eta, gainera, gizarteak ilusioa berreskuratu eta gozatu behar duen unean iristen dela.
Juan Mari Aburtok, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren arteko elkarlana azpimarratu eta «kontzertura joango dela» ziurtatu ondoren, adierazi du oso garrantzitsua dela «Bilbon rock musikaren zaleentzat ezinbestekoa eta mitikoa den talde honen beste kontzertu ikusgarri bat izatea, ziur aski nazioarteko ekitaldi hauen itzuleraren zain zeuden jarraitzaile asko liluratuko dituena, eta aurten lankidetza publiko-pribatuarekin programatzen ari garen ekitaldiekin bat egingo duena». Alkateak azaldu duenez «alaitasuna, dibertsioa eta ondo pasatzea behar ditugu eta, gainera, berriz ere nazioarteko mailako ekitaldiak hartzeko hiri eta lurralde erakargarri moduan kokatu behar gara. Hori da gure helburu nagusia, gure gizarteari ilusioa itzultzea eta gure ingurune hurbilenean inpaktu ekonomikoak sortzea».
Bestalde, Unai Rementeriak adierazi duenez «bi urte oso gogor igaro ondoren ilusioa, kultura eta musika berreskuratu behar ditugu, eta Metallicaren kontzertuak horretan lagunduko digu. San Mames, Bilbo, Bizkaia, hunkitu egingo dira Metallicarekin; 40 urte baino gehiagoko ibilbidean mundu osoan milioika jarraitzaile, horietako asko Bizkaian, dituen talde historikoa». Horregatik guztiagatik uztailaren 3an San Mamesen Metallicarekin egingo den kontzertua asko gozatzeko moduko kontzertua izatea espero du, «gizarte honek ondo merezita duelako».