EmalanPlus, lanpostu teknikoetan esperientzia duten 50 urtetik gorako emakumeentzako programan, aurrez izena emateko epea ireki da

0
PRUEBA

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak, DEMA, Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziaren bitartez, martxoaren 3ra arte ireki du EmalanPlus programan izena emateko epea. EmalanPlus 50 urtetik gorako emakumeentzako enplegu-programa pilotua da, lanpostu teknikoetan lan bila ari badira eta aurretik esperientzia badute.

EmalanPlus programak lana bilatzeko ibilbide pertsonalizatuak eskainiko dizkie hogeita hamar bat emakumeri. Gainera, emakume horiei modu integral eta indibidualizatuan lagunduko zaie etorkizun profesionala planifikatzeko, balio-proposamena sortzeko eta enplegua bilatzeko ekintza-plana abian jartzeko. Jarduera hauek guztiak aurtengo apirila eta azaroa bitartean garatuko dira.

Programa honi buruzko informazio gehiago: https://www.dema.eus/programas-dema/emalan-plus/ helbidean edo 94 418 90 55 telefonoan aurki daiteke.

Programa hau Cebek – Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren lankidetzarekin  burutzen da, gure lurralde historikoko enpresa-sarearen eragile adierazgarriena den aldetik; izan ere, bere sektore-elkarteekin batera, konfederazioa etengabe harremanetan dago enpresekin eta profil profesionalen beharrak ezagutzen ditu.

Bizkaiko Lan Demografiaren Mapan (Bizkaiker.eus) eskuragarri dauden azken datuen arabera, 2021eko abenduan Bizkaiko langabeen % 52 iraupen luzekoak ziren eta, horietatik % 59 emakumeak ziren. Beste alde batetik, Bizkaiko langabeen % 54k 45 urte edo gehiago ditu, eta horietatik % 54 emakumeak dira.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, Teresa Laespadak,  ohartarazi du «akatsa litzatekeela emakume horien esperientzia profesionala galtzea. 50 urtetik gorako pertsonek oraindik urte dezente dituzte egiteko ibilbide profesionalean eta askotan une profesional onenean aurkitzen dira eta ezagutza eta gaitasun jakin argiak izaten dituzte, eta bidezkoa da horiek aitortzea eta balioestea. Paradoxikoki, pertsona horiek zailtasun handiagoak dituzte laneratzeko, eta emakumeen kasuan, lanera iristeko oztopo bikoitza dute, erantzukizuneko postuetan adinaren eta emakume izatearen aurreiritzi bikoitzagatik» esan du.

EmalanPlus programa honek Bizkaiko Enplegu Plana betetzen du; plan honek politika publikoen erdigunean kokatzen ditu, langabetuekin batera, enpresa-erakundeak. Ildo horretatik, enpresei lotutako politikak eta programak bultzatzen dira, horietan sortzen baitira prestakuntza- eta enplegu-beharrak.