Mendekotasun bat izanagatik oraindik etxean bizitzeko gai diren edo horretarako hautua egin duten menpeko pertsonen zaintza, askotan familiarengan gelditzen da. Horregatik, 365 egunez, 24 orduz arreta etxean bertan eskaintzen zaie zerbitzu publikoa, etxean zainduak izatea erabakitzen dutenei. Mendeko pertsonen garapenean lagungarri eta lasaigarri den zerbitzu integrala eskaintzeko pausoa eman da zerbitzu horrekin, eta etxean bizi diren pertsonen hauskortasun egoerak aurreikusteko tresna garrantzitsua izango da, gainera.
Bakoitzaren premiei erantzunez emango da zerbitzua. Arreta hori parte-hartzean eta ingurunea aukeratzeko eta kontrolatzeko gaitasunean oinarrituko da, eta, horretarako, dauden baliabide publikoak erabiliko dira. Gainbegiratze pertsonala, gizarte-laguntza, larrialdiko arreta eta psikosimulazio-arreta ere eskainiko dira.
Zerbitzu honen baitako gizarte-laguntzak garapen autonomoa eta gizarteratzea hobetzen laguntzen du. Erabiltzaileari aukera ematen dio bere egoera kontrastatzeko, autonomia pertsonala mantentzearekin edo garatzearekin lotutako helburuak eta gizarteratzea esplizitatzeko eta, horiek lortzeko, prozesuan laguntza eskaintzeko gai izango den erreferentziazko pertsona bat du. Estimulazio psikoafektiboaren bidez, funtzionamendu kognitibo eta afektibo ona mantentzea edo hobetzea helburu duten ekintzak egiten dira. Adinekoen gaitasun kognitiboak estimulatzeko edo galera arintzeko jarduerez harago, garapen emozionala lantzen da. Larrialdi kasuak detektatu eta beharrezko baliabide eta neurriak ere eskainiko dira zerbitzuaren bidez.
Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, adineko eta mendeko pertsonetan arreta berezia jarria dute: “Ezinbestekoa da herritarren beharrei erantzutea izan medikoak, psikologikoak, emozionalak, ekonomikoak edo sozialak. Eta hori horrela izan dadin, laguntza-mekanismo publikoak eskaintzea dagokigu guri. Pertsona bakoitzari, eta kasu honetan, menpekotasunen edo bat duten edo hauskortasun egoeran dauden pertsonei, arreta pertsonalizatu, integral eta espezifikoak eskaintzea da helburua. Etxean bizitzea erabaki duten herritarrek beren garapenerako lagungarri izango zaien arreta egokia jasotzeko aukera dute etxean bertan”. Herritarren beharrei erantzun eta etengabeko hobekuntzaren bidetik lanean jarraitzeko konpromiso publikoa berretsi du: “Herritarren bizi kalitatea hobetzeko lanean jarraituko dugu. Gainera, zaintzaren arloan inbertitzen dugun guztiak biharko beharrei erantzun egoki bat emateko balioko digu”.
Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak gaineratu du adinekoak diren eta mendekotasuna duten gipuzkoarren hamarretik zortzik euren etxean bizitzen jarraitu nahi dutela, “horregatik, helburu bezala finkatu dugu 2030erako, mendekotasuna duten eta laguntza-premiak dituzten pertsonen %85ek beren etxean bizitzen jarraitzea”. Diputatuak gaineratu du mendekotasun laguntzen eta prestazioen konbinazioari esker, adinekoen egoitza-zentroetara sartzea 5 urtera arte atzeratzen dela, batez ere, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa, etxez etxeko zerbitzua eta laguntza teknikoak bateratzen badira.
Zentzu horretan, lurraldeko udalekin ematen ari den “lankidetza eta koordinazio estua” nabarmendu ditu Peñak, eta Etorkizuna Eraikiz eta Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren esparruan Aldundia etxean zaintzeko estrategia oso bat garatzen ari dela ere azaldu du: “Estrategia hori etxean bertan laguntza holistikoa, pertsonalizatua eta berritzailea ematean oinarrituko da, non komunitateak garrantzia berezia izango duen”.
Aldundia eta udalak, beraz, elkarlanean ari dira etxez etxeko eredu berri bateranzko estrategia garatzen, eta horren adierazle argia da Azpeitiko zerbitzu berritua. Maite Peñak azaldu du 2022ko aurrekontuan, lehen aldiz, 700.000 euroko partida bat sortu duela Aldundiak etxean emandako zaintza sustatzeko, erakunde bakoitzaren eskumenen gainetik, “ikuspegi integral eta pertsonalizatu batetik, etengabeko arretari erantzunez”.
Zerbitzuaren xehetasunak
Etxean bizi diren pertsonen hauskortasun egoerei ere aurre hartzeko zerbitzu garrantzitsua izango da. Proiektu berria eta berritzailea da abian jarritakoa, proiektu pilotua da, eta pixkanaka joango dira beharretarako zerbitzuak hobetzen eta egokitzen.
Erabiltzaile bakoitzaren premiei erantzunez emango da zerbitzua. Arreta hori parte-hartzean eta ingurunea aukeratzeko eta kontrolatzeko gaitasunean oinarrituko da, eta, horretarako, dauden baliabide publikoak erabiliko dira. Zerbitzu horiez gain, ordea, gainbegiratze pertsonala, gizarte-laguntza, larrialdiko arreta eta psikosimulazio-arreta ere eskainiko dira.
Zerbitzu honen baitako gizarte-laguntzak garapen autonomoa eta gizarteratzea hobetzen laguntzen du. Erabiltzaileari aukera ematen dio bere egoera kontrastatzeko, autonomia pertsonala mantentzearekin edo garatzearekin lotutako helburuak eta gizarteratzea esplizitatzeko eta, horiek lortzeko, prozesuan laguntza eskaintzeko gai izango den erreferentziazko pertsona bat du.
Gizarte laguntza horren bidez, erabiltzaileei informatuta egoteko baliabideak, orientazioa, bitartekaritzarako aukerak eskainiko zaizkie. Alde emozionaletik, hauskortasun egoerei aurre hartuz kaltea murriztea, euskarri emozionalak lantzea eta krisi egoeretan orientazioa eskainiko da. Egunerokoari aurre egiteko lanketa hezitzailea ere egingo da, ohiko jarduerei eusteko, gizarte trebetasunak lantzeko eta beharrezkoa bada jarreren aldaketa lantzeko. Eta harremanen lanketa ere egingo da hala nola, entzute aktiboa egingo da eta harreman sozial eta afektiboak sortu eta landuko dira.
Estimulazio psikoafektiboaren bidez, funtzionamendu kognitibo eta afektibo ona mantentzea edo hobetzea helburu duten ekintzak egiten dira. Adinekoen gaitasun kognitiboak estimulatzeko edo galera arintzeko jarduerez harago, garapen emozionala lantzen da. Larrialdi kasuak detektatu eta beharrezko baliabide eta neurriak ere eskainiko dira zerbitzuaren bidez.