Osasun sailburua: “Eguneroko jarduera berreskuratzen ari gara, eragin handiena izan duen olatuaren ondoren”

0
PRUEBA

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburua elkarrizketatu dute gaur arratsaldean Cadena Ser irrati-katearen “la Ventana Euskadi” programan, eta, bertan, adierazi du Osakidetza eguneroko jarduera berreskuratzen ari dela, eragin handina izan duen olatuaren ondoren. Zentzu horretan, Sagarduik azaldu du presentzialtasunak eta irisgarritasunak hobetzen jarraitzen dutela eta Osasun Sistema normaltasunera hurbiltzen ari dela. “Oraindik bidea egiteko dagoen arren, herritarrak nabaritzen ari dira”, adierazi du.

Cadena Ser irrati-kateari eskainitako elkarrizketan, Osasun sailburua kezkatuta agertu da inauterien ondorioz gertatu diren zenbait egoerarekin, nahiz eta azpimarratu duen jende askok zuhurtziari eutsi diola. “Badirudi ahaztu egin zaigula pandemian jarraitzen dugula. Inauterien ondorengo eraginak pertsonen osasunean eta osasun-sisteman eraginik ez izatea espero dugu”, esan du.

Prebentzio-neurriei dagokienez, eta, zehazkiago, hezkuntza-eremuan indarrean daudenei dagokienez, Osasuneko sailburuak azpimarratu du pandemia hasi zenetik Hezkuntza eta Osasun Sailak elkarrekin lan egin dutela presentzialtasuna eta segurtasuna mantendu ahal izateko, eta helburu horrekin lanean jarraituko duela. “Lantaldeak unea dela uste duenean, hartu beharreko erabakiak hartuko dira”, adierazi du.

GREBA

Osakidetzan deitutako grebari buruz galdetuta, Osasun sailburuak esan du lanera joan behar zuten profesionalen % 90 joan direla, eta ukatu egin du murrizketarik dagoenik. Hala, Osakidetzaren aurrekontuak gora egin duela adierazi du, eta horren bi heren giza baliabideetara bideratu direla. Espezialitate batzuetan lanpostu hutsak betetzeko profesionalik ez egoteari dagokionez, Gotzone Sagarduik adierazi du Osakidetza aurrekontuen legeak ahalbidetzen duen plaza kopururik handiena deitzen ari dela, profesional faltarik handiena hautematen den espezialitateak lehenetsiz, premia horri aurre egiteko, “egonkortasunaren aldeko apustu garbia eginez”.