eLankidetzak ukrainarrei euskal herritarren elkartasuna bideratzeko gakoak eman ditu

0
PRUEBA

Ukrainaren inbasioak eta horren ondorioz sortutako krisi humanitarioak gizartearen elkartasuna piztu du hainbat modutan. Herritarren, elkarteen eta erakundeen altruismo hori bideratzen laguntzeko asmoz, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak sailean dagoena, www.elankidetza.euskadi.eus webgunean eskuragarri jarri du ukraniarrekin batera lan egiten duten euskal GGKEei eta Nazio Batuen Agentziei buruzko informazioa, bai eta krisi humanitarioei aurre egiteko deialdiak dituzten erakundeei buruzkoa ere.

Elkartasun adierazpenak aldez aurretik eskertuz, AECIDek, zeinekin eLankidetza koordinatuta dagoen, Ukranian dauden erakundeekin harremanetan jarri da, eta erantzuna orokorra da: espezietan dohaintzak jasotzeko, biltegietan jartzeko eta kudeatzeko gaitasuna oso mugatua da.

Hori dela eta, bai GGKEak bai nazioarteko erakundeak beharrizanen azterketan eta horiek estaltzeko behar den aurrekontu batean oinarritutako deialdiak eta laguntza eskaerak egiten ari dira, Ukraniako biztanleriaren beharretara egokitzen den erantzun bat diseinatuz.

Hala, Eusko Jaurlaritzak, eLankidetzaren bidez, gomendatzen du elkartasuna funts emateen bidez egitea eskualdean lanean ari diren erakunde humanitario espezializatuetara emanez, erantzun humanitarioa eraginkorra izan dadin eta dohaintza humanitario onaren printzipioetan oinarrituta dagoena.


Zer egin krisi humanitarioen aurrean?

eLankidetzak bideo bat eskuragarri du bere webgunean, herritarrek krisi humanitario baten aurrean zer egin dezaketen jakiteko. Bertan azaltzen da nola sortzen diren krisiak, arrazoiak eta zein diren biztanle zaurgarrienak; gomendio batzuk ere egiten dira, hala nola arropa edo elikagaiak eman beharrean, herritarrekin batera lan egiten duten erakundeei dirua ematearen garrantzia, laguntza ekonomikoa baita eraginkorrena; interesa eta konpromisoa denboran zehar mantentzea eta ez soilik tragedia albiste denean, edo informazioa kontrastatzeko beharra, sentsibilizatu eta eragin ahal izateko.

Sentsibilizazio bideoarekin batera, eLankidetzak herritarrei, erakundeei eta komunikabideei zuzendutako ekimen humanitarioak bideratzeko gakoak ematen dituzten fitxa batzuk ditu.

 

2021ean artatutako krisiak

Ukrainaz gain, mundu osoan daude denboran kronifikatu eta luzatu diren krisi humanitarioak, eta, gehienetan, ez dute arreta finantzario eta mediatikoa jasotzen. 2021ean, eLankidetzak gatazketan euskal eta tokiko erakundeek egindako 37 proiektu eta estrategia babestu zituen, eta horietako batzuk Europar Batasunaren sailkapenaren arabera ahaztutako gatazketan gauzatzen dira.

Proiektuek Palestinako, Saharako, Kongoko, Erdialdeko Amerikako edo Irakeko errefuxiatuak artatu zituzten, besteak beste. Ekimenak, batez ere, oinarritu ziren indarkeriaren biktima diren emakumeei edo haurrei arreta ematean, hala nola Hego Sudanen talde armatuetatik askatutako adingabeei arreta ematea; atxilotu eta torturatu dituzten haur palestinarrei laguntza psikosoziala ematea; Maguindanaon (Filipinak) gatazka armatuaren biktima izan diren umeei hezkuntza sarbidea ahalbidetzea edo gazteen nutrizio baldintzak hobetzea Tindufen, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan.