Urola ibaiaren garbiketa sakona egingo dute

0
PRUEBA
Duela hainbat urtetatik, ibaien eta ingurumenaren zaintzaren sentsibilizazioan eragiteko asmoz, urtez urte, ikastetxeekin eta hainbat elkarterekin elkarlanean ibai garbiketa egin izan da elkarlanean. Duela bi urte, ibaien garbiketa sakonago baten beharraz ohartuta, Ibai-eder eta Errezil ibaia enpresa baten bidez garbitzeko urratsa eman zuen udalak. «Baina ibaiak biziak dira, eta hondakinak egunez egun biltzen eta agertzen joaten dira. Aurtengoan, beste pauso bat eman eta Urola ibaia garbituko dugu», adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen Batzordeburuak.

Azken aldiko euriteek plastiko eta bestelako hondakinak ikusgarri jarri ditu, eta Udalak Urola Bizirik elkartearen zein bestelako herritarren hainbat eskari jaso ditu garbiketa egiteko. Horregatik, Urola Ibaiaren 9,8 kilometroak garbituko dira gaurtik aurrera. Txerloi atzean hasi eta Lasaoraino garbituko da zehazki. Eguraldia lagun bada, martxoaren 7an hasi eta bi-hiru astean egingo da hondakinen bilketa.

Ibaiaren garbiketa egiteaz gain, ordea, duela bi urte gisa kontzientziaziorako tresna izatea ere nahi dute Urola Bizirik taldeko Luis Juaristi eta Aitor Aldalurrek. Beraz, garbiketa egiten den bitartean argazki eta bideoak egiten joango dira.

Ibaira iritxi den zaborra jasoko da, bai ibaia garbitzeko bai herritarren artean arazoren inguruko kontzientziazioa landu eta sentsibilizazioa bultzatzeko. Bestalde, detektatzen diren isurketa guneak desagertzeko lanketa ere egingo da.  Horretarako, enpresak zaborrak jasoko ditu, eta zabor ixurketa puntuak detektatzen baditu kokapena jakinaraziko dio udalari. Kokapenak jakitean, landa gunea bada Ura Agentziako ibai zaintzaileari jakinaraziko zaio neurriak hartzeko. Gune urbanoa bada lanketa hori udalak egingo du.

Ibaitik jasotako zaborra Lapatxera eramango da, bertan sailkatu eta kudeatzeko. Sailkatutako zabor hori erabiliko da ondorengo kontzientziazio eta sentsibilizazio lanetarako.

Juaristik, duela bi urteko esperientzia pilotua «oso esperientzia polita eta aberasgarria» izan zela azpimarratu du. Azpeitiko Udalarekin duten «harreman eta elkarlana ona» dela azpimarratu nahi izan du: «Baina Urola Ibaia 8 herritatik pasatzen da. Udaletxe guztietan egin dugu eskaera bera, eta momentuz Azpeitikoak egingo du». Hala, beste herrientzat «eredu» izatea espero du Azpeitian egingo dena.