Aurten, 2022an, Gasteiz European Green Capital izendatu zeneko hamargarren urteurrena ospatuko da; orain arte estatuan titulu hori lortu duen hiri bakarra da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Vital Fundazioak eta Gasteizko Udalak indarrak batu dituzte titulu horren urteurrena alderdi teknikotik zein ludikotik ospatzeko. Izan ere, «titulu horrek, aitortza adierazteaz gain, bultzada handia eman die Gasteizko jasangarritasun-politikei eta, hedaduraz, lurraldekoei zein Euskadikoei. Europako Hiriburutza Berdeari esker, hiriburua jasangarritasunaren erreferente bihurtu da estatuan eta Europan, eta jasangarritasunaren marka gure mugetatik haratago esportatzea ahalbidetu du horrek. Gasteizek, 10 urte geroago ere, estatuko eta nazioarteko eredua izaten jarraitzen du«, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.
Alkateak adierazi duenez, «orain daukagun erronka Gasteizko ingurumen-politiken arrakasta gizarte-eremura hedatzea da, gure ongizatea hobetzeko, eta, bereziki, ekonomia-eremura, ekonomia berdea bultzatzeko. Hiri berdetik ekonomia berderako trantsizio hori Europako superhiriaren hiri-ereduan oinarritu nahi dugu: ondo konektatutako hiriak, zerbitzu publiko onak dituztenak eta ingurumenaren arloan eta lehiakortasun ekonomikoan nabarmentzeko gai direnak.»
Udaletxean sinatu da gaur goizean lankidetza protokoloa hiriburuan antolatuko diren ekintza eta ekitaldien programa garatzeko, erakunde hauen partaidetzarekin: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Arabako Foru Aldundia, Vital Fundazioa eta Gasteizko Udala. Sailburu Arantxa Tapiak, diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, Vital fundazioetako presidente Jon Urrestik eta alkate Gorka Urtaranek sinatu dute akordioa.
Jardunaldi teknikoek, kale-ekitaldiek, argitalpen batek eta informazio- eta sentsibilizazio-kanpainek osatuko dute programazioa, zeinaren une gorena irailean eta urrian izango baita. Besteak beste, uda ondoren, herritarrentzako solasaldi-topaketa batzuk antolatuko dira, ekimenak ezagutarazteko eta hausnartu eta eztabaidatzeko guneak eskaintzearren. Orobat, Europa jauregian hiri-eredu iraunkorrei buruzko gailurra antolatzea aurreikusi da, goi-mailako hizlariak bertan direla. IGIk, bestalde, argitalpen bat plazaratuko du, zeinak hamarkada honek hiriaren historian zer eragin izan duen jasoko baitu. Udalak berak antolatuko dituen ekitaldi horiez gain, urteurrena ospatzeko kale-jaialdi bat ere aurreikusten da, jarduera ludikoagoekin; Vital Fundazioak antolatuko du ekitaldia, irailaren amaieran. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ekonomia zirkularrarekin eta ekonomia berdearekin zerikusia duten enpresentzako azoka bat garatuko du. Horretaz gain, beste era bateko ekitaldiak hartuko ditu Gasteizek, gazteekiko lankidetzan prestatutakoak, besteak beste.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak Euskadiko hiriburuak Itun Berdean duen lidergoa nabarmendu du. «Etxean zein munduan ahotsa goratzen dugu, garapen inklusibo eta jasangarriaren alde. Europako Itun Berdearekin bat egin dugu gure ibilbide-orri propioarekin: Basque Green Deal-Euskadiko Itun Berdea. Gainera, azpimarratu duenez, «iraultza berri batean gaude, zeina elkarren artean konektatutako hiru palankatan ardazten baita: energetikoa eta klimatikoa, digitala eta sozio-sanitarioa. Horren aurrean bi aukera ditugu: iraultza hori subjektu aktibo gisa gidatu eta protagonizatzea, edo beste batzuek egitea eta gu arrastaka eramatea, erabakitzeko aukerarik gabe». Euskadik, Gasteiz buru dela, aldaketa horren protagonista izatea erabaki du.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzak alor horretako bi funtsezko hitzordu ekarriko ditu hirira datozen hilabeteetan: batetik, ekonomia eta enpresen arloko ekitaldi bat, azken urteetan egindako bide garrantzitsua gogoratzeko eta etorkizuneko joeren eta erronken inguruan lan egiteko parada ezin hobea izango dena; eta, bestetik, ekonomia zirkularraren ereduen gaikako erakusketa bat, Iradier Arenan egingo dena. Tapiaren arabera, «agenda klimatikoak maila guztietan interpelatzen gaitu, banakako eta etxeko ekintzetatik hasi eta nazioarteko egoerak hainbeste asaldatu dituen nazioarteko estamentu gorenetaraino. Denok dugu lekua agenda horretan.»
Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, alkateak bezala, azpimarratu du Gasteiz Green Capital gisa aitortzearen atzean hiriak, Arabako lurraldeak eta herrialde osoak iraunkortasunaren alde egindako ahalegina dagoela. Jarraian, gogorarazi du Araba dela Euskadiko birika, bertako azaleraren % 28 babestua baitago, eta Natura 2000 Sarean sartutako Euskadi osoko espazioaren erdia baino gehiago Araban dagoela. «Horrek guztiak balioa du. Politika horiek indartzen eta elkarrekin lan egiten jarraitu behar da, jasangarritasunaren arloko lidergoari eusteko. Beraz, lana, ikusgaitasuna, harrotasuna eta, kasu honetan, baita ospakizunerako lekua ere.»
Vital fundazioetako presidente Jon Urrestik nabarmendu duenez, «Vital Fundazioak indarrak batzearen aldeko apustua egin nahi du gure hiriarentzat hain garrantzitsua den urteurren honetan, jasangarritasunaren arloko lidergoak gure irudian eta gasteiztarren buru eta bihotzetan eragin handia izan baitu. Gure ekarpena izango da ekitaldi ludiko bat antolatzea, kalean bertan, Vital Fundazioan egin ohi dugun bezala. Iraileko azken asteburuan izango da, eta espero dugu dibertimendu- eta jai-programa bat proposatzea, Gasteizen denek une onak partekatzeko aukera izan dezaten, musika eta partaidetza proposamenen bidez. Azken batean, uste dut garrantzitsua dela gure hiriarentzat mugarri izan dena —Green Capital izatea— kalean bertan eta hemen bizitzeko zortea dugunon artean ere ospatzea,»