Aiaraldea Eskualderako berehalako jarduera-planaren aurkezpena

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako eta Bizkaiko aldundiek Aiaraldean Berehala Jarduteko Planaren ardatzak eta jarduera-planak aurkeztu dituzte. Plan hori duela gutxi onartu da, eta eremuaren ekonomia eta gizartea suspertzea du helburu. Hiru erakundeek plan horren behin betiko dokumentuaren berri eman diete gaur arratsaldean Aiara, Amurrio, Arakaldo, Arrankudiaga, Artziniega, Laudio, Okondo, Urduña eta Orozkoko alkateei. Dokumentu hori egiteko, bederatzi udalek eta inguruko ekonomia, gizarte eta enpresa eragileek egindako ekarpenak hartu dira oinarritzat.

Bileraren ondoren, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak, Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak eta Jesús Peña Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusiak plan horretan jaso diren zortzi proiektu eragileak zehaztu dituzte. Proiektu horien jatorria da Eusko Legebiltzarraren lantaldeak azaroaren 25eko osoko bilkuran Aiaraldeari buruz onartutako txostena.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak azpimarratu du Legebiltzarreko lantaldearen lan bikaina, eta sinetsita adierazi du proiektu ilusionagarri baten aurrean gaudela Airaldea eskualde jasangarria bihurtu, enpresak errotu, ekonomia indartu eta enplegua sortzeko.

Esan duenez, indarguneak baliatu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da udalekin eta eskualdeko herritarrekin partekatutako proiektu iraunkor bat garatzea.

Plana

Aiaraldeko Eskualdean Berehala Jarduteko Plana erakundeen arteko koordinazioaren eta lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, eta 28,49 milioi euroko inbertsio publikoa izango du (horietatik 24 Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu); legebiltzarreko lantaldean ezarritako 24/26 milioi euroko aurrekontu-mailaren gainetik.

Planak 33 jarduera aurreikusi ditu guztira, zortzi proiektu eragiletan multzokatuta, eta hiru urteko gauzatze-epea izango du, 2022-2024. Honako hauek dira proiektuak:

  1. Industria modernizatzea eta industria lurzoru eta eraikinak lehengoratzea.
  2. Dibertsifikazio ekonomikoa: nekazaritzako elikagaien sektorea.
  3. Dibertsifikazio ekonomikoa: turismo- eta merkataritza-sektorea.
  4. Dibertsifikazio ekonomikoa: kultura-sektorea.
  5. Enplegua eta lanbide-prestakuntzako proiektuak.
  6. Kohesio soziala: etxebizitza sozialak.
  7. Hiria berroneratzea: auzo kalteberak.
  8. Ingurumena eta mugikortasun jasangarria.

Plan hori onartzearekin batera, epe ertainerako Eskualdeko Plan Estrategikoa egiten ari da, eta bertan sartuko da berehala jarduteko plana.