Lehendakariak garraiobideetan eta logistikan inbertitzen jarraitzeko borondatea adierazi du, jarduera ekonomikoa, komertziala eta logistikoa suspertzeko

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakaria Lidlek Langraiz Okan duen plataforma logistiko berriaren aurkezpenean izan da gaur goizean. Honekin, multinazionalak bere gaitasun logistikoa bikoiztea, Estatuan lehen biltegi modularra irekitzea eta Europa osoan duen biltegi handi eta jasangarrienetako bat aurkeztea lortu du.

Azpiegitura horretan 75 milioi euro inbertitu dira. “Inbertsio berritzaile” horrek, Lehendakariaren arabera, LIDLen konpromisoa erakusten du, eta bat dator erakundeek Araba eta Euskadiren posizionamendu logistikoa indartzeko egindako apustuarekin. Horrela, Iñigo Urkulluk garraiobideetan eta logistikan inbertitzen jarraitzeko borondatea adierazi du, jarduera ekonomikoa, komertziala eta logistikoa suspertzeko.

Lehendakariak inbertsio horrek dakarren konpromisoa aitortu nahi izan du, eta eskerrak eman dizkie enpresako arduradunei, hain zuzen ere garraioa, logistika, energia eta elikagaien sektorea Ukrainako gatazka belikoaren ondorioak jasaten ari diren une zail honetan.

Inbasioak eragindako “gerrako ekonomiaren” testuinguruan, Lehendakariak azpimarratu du unea dela eraginkortasun energetikoan ahalegina areagotzeko, trantsizio energetikoa malgutzeko erabakiak hartzeko eta energia alternatiboko proiektuak (parke eolikoak eta hidrogenoa, esaterako) abiarazteko, energiaren eta lehengaien prezioen igoerak eragindako ekoizpen-kostuen igoerari aurre egiteko.

Era berean, Urkullu lehendakariak elkartasuna adierazi dio Ukrainan jarraitzen duten edo bertatik ihes egiten duten pertsonen sufrimenduari, eta azaldu du Euskadi behar dutenentzat harrera eta integrazioa prestatzen ari dela. “Politika publikoetatik, ahal dugun guztia egingo dugu gizartean eta familietan duten eragina arintzeko. Europar Batasuna ezohiko neurri sorta bat prestatzen ari da. Eusko Jaurlaritzak laguntza horiek osatzeko bideak ere aztertuko ditu”, gaineratu du.

Aurkezpen-ekitaldian, Lehendakariarekin batera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriola eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado izan dira. Gainera, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, Denis Itxaso Gobernuaren ordezkaria eta Miguel Ángel Montes Iruña Okako Udaleko alkatea ere bertan izan dira.