Javier de Isusi artista bilbotarrak diseinatu du Itzuliaren 61. edizioko kartela

0
PRUEBA

Gaur goizean aurkeztu da Itzulia Basque Country lasterketaren 61. edizioaren kartela, Bilboko Arte Ederren Museoan egindako ekitaldian. Azken hiru edizioetan bezala, eta Gerra Zibilaren aurreko tradizioa berreskuratu ondoren, non goi-mailako euskal artistek txirrindularitza-lasterketa historiko honen kartelak egiten zituzten, lan literarioen ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi duen pertsonak diseinatu du Itzuliaren kartela. Aurtengo edizioan Javier de Isusi artista bilbotarrak egin du kartela, berak irabazi zuen eta saria, “Transparentes. Historias del exilio colombiano” lanarekin.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak, Julian Eraso Itzuliaren antolatzaile den OCETA-ren (Euskadiko Txirrindularitza Erakundeak) presidenteak eta Javier de Isusi kartelaren egileak parte hartu dute, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariarekin batera, txirrindularitza lasterketaren kartela aurkezteko ekitaldian.

Aurkezpen ekitaldian Zupiria sailburuak azaldu duenez “Euskadi Literatura Saria irabazten duten sortzaileei egiten diegun enkargu honen bidez, beren lana erakusteko aukera berriak eskaini nahi dizkiegu, eta beren lanetan ohikoa ez den publiko batengana iristea lortu nahi dugu. Horrela, urte askotan kultura eta kirola uztartu zituen tradizioa berreskuratzea da helburua”.

Kartelaren irudi nagusia bizikleta baten gainean pedalei eragiten dien figura bat dela adierazi du egileak: “Figura androginoa da, nahita, eta gizonezkoa edo emakumezkoa izan daiteke; izan ere, txirrindularitza ez da gizonentzat soilik, eta Itzuliak gizonezkoen edizio bat eta emakumezkoen edizio bat ditu”. De Isusik azaldu duenez, “marrazkia lerro jarraitu bakar batekin egina dago, lasterketako errepideek eta bizikletaren kateak egiten duten bezala. Lerro jarraitu horrek eraikitzen ditu irudi nagusia eta atzealdean daudenak: ezkerretara, atzetik duen pelotoia, eta eskuinetara, euskal geografiaren lau ezaugarri laburbiltzen dituen paisaia: mendia, itsasoa, herriak eta industria. Erabilitako koloreek ere ezaugarri horiei egiten diete erreferentzia: Itzuliaren letren gorria industriarekin lotuta dago, beste letren berdea euskal paisaiaren kolore nagusia da eta irudiaren gris urdinxka eta bere itzalak Kantauri itsasora garamatza”.

Sortze prozesuari buruz egileak azaldu duenez, “eskuz, arkatzez eta akuarelaz paper gainean egindako marrazkia da, teknika fisikoa, ez digitala, eta fisikoa bizikleta gainean egiten den ahalegina bezala. Hala ere, txirrindularitzak teknologia ere barne hartzen du, batez ere bizikletei dagokienez, eta horregatik marrazki osoari ere aplikatu dizkiot ordenagailu bidezko kolore lauak. Kolore horietako tonu horiak Itzuliaren irabazlearen maillotaren kolorea gogorarazten dute”.

Javier de Isusik azaldu duenez, lasterketa igarotzen den udalerrien izenak ere agertzen dira kartelean, “bizikletatik bertatik aterako balira bezala”.

Aurreko edizioetako kartelak Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak eta Miren Asiainek egin zituzten. Guztiak Bilboko Arte Ederren Museoan gordeta daude, eta Gerra Zibilaren aurreko kartel asko ere bertan gordetzen dira. Horri egin dio aipamena Museoko zuzendariak ere: “Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika saila eta OCETA zoriondu nahi ditugu Itzuliari XX. mendeko lehen hamarkadetako tradizio luzea, Itzuliari eskainitako ilustrazio artistikoen tradizioa, berreskuratzeagatik. 2019az geroztik, jatorrizko kartelak museoko bilduman sartu dira, eta, esango nuke, estatuko bildumarik osatuenetako bat dela. Izan ere, Javier de Isusiren 2022ko Itzulirako kartel ederraren aurkezpena Milton Glaser New York-eko diseinatzaileak dohaintzan eman berri dituen kartelei buruzko erakusketaren barruan egin dugu gaur”.

Julian Eraso OCETA-ko presidenteak adierazi duenez, “lau urte daramatzagu lankidetza honekin eta pozik gaude. Lasterketak are garrantzi handiagoa hartu du Euskadiko gizartean, kirola eta kultura uztartu baititu. Jende askok galdetzen digu non lor daitezkeen kartel horiek, harro egoteko modukoa da gure lurralde osoa zeharkatzea bertako artisten lanekin”.

Javier de Isusi

Itzulia Basque Country 2022ren kartelaren egilea bilbotarra da, formazioz arkitektoa baina bokazioz eta lanbidez komiki egilea. Bere lanak frantsesera, euskarara, finlandierara, portugesera, alemanera eta polonierara itzuli dira. Juan Sin Tierra (2004-2011) eleberri grafikoen sortarekin egin zuen debuta, Latinoamerikara egindako bidaietan inspiratutako seriea, Italian eta Erresuma Batuan unibertsitate-tesietan aztertu dutena. Oscar Wilderen La divina comedia lanarekin, 2020ko Komikiaren Sari Nazionala lortu zuen. 2020an Kolonbiako Egiaren Batzordearentzat Transparentes. Historias del exilio colombiano egin zuen lan literarioen ilustrazioaren atalean Euskadi Literatura Saria irabazi zuen.

Itzulia Basque Country 2022 

Itzulia Basque Country-ren 61. edizioa apirilaren 4tik 9ra bitartean egingo da. Lehenengo etapa Hondarribian hasi eta amaituko da, bigarrena Leitza eta Viana artean egingo da, hirugarrena Laudio eta Amurrio artean, laugarrena Gasteizen hasi eta Zamudion amaituko da, bosgarrena Zamudio eta Mallabia artean eta seigarren eta azken etapa Eibarren hasi eta Arrateko aldapetan amaituko da.