• Bilboko Udalak ingurua berreskuratzeko eta balioztatzeko lanei ekin die, Gogora Institutuaren eta Sondikako Udalaren laguntzarekin
• Egindako lanek erraztu egiten dute bisitariak bertara hurbiltzea eta Gerra Zibilean Artxandan izandako gertakarien berri izatea
Aintzane Ezenarro, Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Bilboko Udalak Artxandako Burdin Hesiaren lubakiaren inguruan egin dituen lanak ikusten izan da. Bisitaren buru izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Xabier Zubiaur Sondikako alkatea.
Egindako lanen artean, zurezko oinezkoentzako pasabide bat eraikitzea dago, bisitariei Burdin Hesiaren lubakiaren zati batera hurbiltzea errazteko, eta lubakia bera zaharberritzea. Horrela, lubakia oinezkoentzako irisgarria da, La Huella- izenez ezaguna den parkearen eremutik, eta dagoeneko badagoen Memoriaren Ibilbidean integratzen du.
Gerra Zibilean zonaldean gertatutakoa zabaltzeko eta haren balioa nabarmentzeko helburuarekin, interpretazio-atril batzuk ere sartu dira – Informazioa in situ emanda eta QR kodeen bidez eduki gehiago eskuratzeko aukerarekin –. Informazio-panelak, lehena, zaharberritutako lubakiaren gainean dago, eta bestea, metro batzuk atzerago, lursailaren soilgune natural batean.
Pasabidea eta lubakia behar bezala kokatzeko norabide-seinaleak ere jarri dira; adibidez, Aterpe 1936 eskultura dagoen parketik.
Burdinazko Hesia
2018an, Artxandako Burdin Hesiaren inguruko Memoriaren Ibilbidea seinaleztatu zen, eta seinale-panel bat jarri zen herritarrei gotorlekuaren esanahiaren berri emateko, eta, bestetik, Euskadiko Memoria Demokratikoa berreskuratzen laguntzeko.
2017az geroztik, Burdin Hesia Euskal Kultura Ondaretzat eta Euskadiko Memoria Demokratikoaren Ibilbidetzat jotzen da, Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko aldundiek eta bi lurraldeetako 33 udalerrik sinatutako akordio baten ondorioz. Akordio horrek lankidetza-esparru orokorra ezartzen du defentsa-ildo hori babestu, sendotu, mantendu eta balioesteko.