Martxoaren 10ean argitaratuko da Euskadiko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroari buruzko dekretu berria, egungo egoerara eta legera egoki dadin. Erregistroaren egungo erregulazioa 1985ekoa denez gero, agerikoa da eguneratu beharra zegoela. Eguneratzea batez ere erregistroaren izaera telematikoan islatzen da.
Dekretua kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen lana antolatzen lagunduko duen tresna izango da. Dekretuak elkarte horien garapena erraztuko du, eta ziurtatuko du, elkarte bat erregistro horretan inskribatuta ez badago, ez duela erabiliko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte izena, ezta inor nahastea eragin dezakeen izenik ere.
Euskadiko kontsumitzaileen elkarteen erregistroan inskribatzeko, elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute helbidea, eta gure lurraldean jardun beharko dute batez ere. Beste baldintza batzuk ere bete behar dituzte, hala nola, gutxienez 100 elkartekide izan behar dituzte —ordainketak egunean dituztela—, elkartekideei edo, oro har, jendeari informazioa emateko zerbitzua izan beharko dute, eta urteko 10.000 eurotik gorako jarduera-aurrekontua. Jakina, irabazi asmorik gabeko elkarte izan beharko dute, eta haien estatutuetan jaso beharko da haien xedea kontsumitzaileen defentsa eta babesa dela.
Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek kooperatiben legeriapean osatutako entitateak ere inskribatu ahal izango dira erregistroan, baldin eta haien helburuen artean bazkideen heziketa eta prestakuntza badago eta xede horretarako funtsa osatu badute. Azkenik, dekretuak aintzat hartzen du federazioak eta konfederazioak ere inskribatu ahal izatea.
Elkarteek sei hilabeteko epea izango dute erregistro berrian inskribatzeko. Epe horretan, indarrean jarraituko dute erregistro zaharretik datozen inskripzioek. Dekretuak ezartzen du nahitaezkoa dela informazioa eguneratuta edukitzea, jakin eta hilabeteko epean, eta gutxienez urtean behin, lehen hiruhilekoan.