Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak Anoetako geltokia osorik eraberritzeko proiektua lizitatuko du hurrengo asteetan. Proiektuaren barruan, lurrazalean bigarren atari bat eraikitzea, nasak birgaitzea eta Aita Donostia plazako bideak berrantolatzea dira lanik nabarmenenak. Jarduketa horren aurrekontua 10 milioi eurokoa da, eta lanak gauzatzeko epea 30 hilabetekoa izango da.
Anoeta bigarren geltokia da Topoaren erabiltzaile kopuruari dagokionez, eta 2019an 2.000.000 bidaiari baino gehiago izan ditu. Lugaritz eta Easo arteko trenbide saihesbidea martxan jarrita, kalkulatzen da ustiapen-modelo berriak joan-etorri kopurua era progresiboan handituko duela. Horregatik guztiagatik, jarduketa horren helburu nagusia Anoetako geltokia Hendaia eta Zumaia artean ezarriko den zerbitzu-eskaintzara egokitzea da, geltokia birgaituz segurtasuna, irisgarritasuna, erosotasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzeko.
Gaur egungo ataria laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran eraiki zen, estadioarekin batera, eta une honetan ez da nahikoa egungo eskariari erantzuteko, ekitaldi handiak dauden egunetan batez ere. Horregatik, sarbide berri bat eraikiko da Hendaia aldean. 180º-tan sarrera eta irteera izango duten igogailu irisgarriak izango ditu, egungo ataria osorik eraberrituko da, instalazioak eguneratuko dira, argiztapena teknologia eraginkorragoetara egokituko da, nasetako estaldurak eta altzariak berrituko dira, eta baita geltokiaren kanpoko ingurua ere.
Reale Arena elementu indartsua eta erakargarria denez, Garraio Sailak estadioa handitzeko proiektua egin duen arkitektura-estudioaren laguntza izan du geltokiaren irudia ingurunearekin integraturik definitzeko.
Horrela, sarrerako atariek beirazko fatxadak eta hormigoizko estalkiak izango dituzte, sarrerako eremuetan hegalean luzaturik, erabiltzaileak babesteko. Kanpoko estaldurak, harriaren antzeko itxura duen materialarekin eginiko formatu handiko baldosak izango dira, erabat birziklagarriak eta ekintza bandalikoen aurkakoak, Garraio Sailak ekonomia zirkularra sustatzeko eta mantentze-kostuak murrizteko duen interesari erantzunez.
Lan neketsua izango da, Aita Donostia plazako ibilgailuen trafikoarekin, Reale Arenak hartuko dituen kirol-ekitaldiekin edo bestelakoekin eta Topoaren zerbitzu erregularrarekin batera gauzatu beharko baita. Horregatik guztiagatik, diseinatu den eta zehaztasun milimetrikoa eskatzen duen lanerako plana aldez aurretik adostu da Donostiako Udalarekin, Ertzaintzarekin eta Euskotren operadorearekin.
Estadioaren aurrean oinezkoen azalera zaintzea izan da proiektuaren kezketako bat. Horregatik, sarbide berriak oinplanoan duen okupazioa ibilgailuen trafikoari lekua kenduz konpentsatzen da, Urumeako saihesbidea martxan jartzeak inguruan eragin duen murrizketa aprobetxatuz. Ondorioz, lanak Aita Donostia biribilgunea inguratzen duen bide-sarea erabat eraberrituz hasiko dira, erreiak murriztuz, bidegorria berrantolatuz eta oinezkoentzako lekua irabaziz. Garraio publikoa sustatzeko neurri gehigarri gisa, 17. eta 28. lineen geltokia lekuz aldatuko da, eta tren-bus intermodala bultzatuko da Ospitaleak-Miramon igoeran.
Ukitutako zerbitzuak desbideratu eta bideak berrantolatu ondoren, nasetarako sarbide berriaren pantailak egingo dira. Estaltze-lauza eraiki ondoren, tunel zaharreko pantailak gauez eraitsiko dira, tren-zirkulazioa ez eteteko. Espazioa erabat gaitu ondoren, nasetara sartzeko eskailera eta kristalezko edikulua eraikitzen hasi ahal izango da.
Lan horiek amaitu eta sarbide berria martxan jarri ondoren, obra-eremua Anoetako geltokiko sarrera zaharrera lekualdatuko da. Sarrera hori eraitsi egingo da, eta, horren ordez, atari berriaren antzeko egitura bat instalatuko da, inguruari koherentzia arkitektonikoa emateko.
Aldi berean, nasak luzeran zabaltzeaz gain, tonu argiagoz estaliko dira eta argiztapena hobetuko da, segurtasun- eta garbitasun-sentsazio handiagoa transmititzeko.