Gotzone Sagardui: “Ukrainatik datozen pertsona guztiek Euskadiko edozein herritarrek bezala osasun-arreta izatea bermatuko dugu”

0
PRUEBA

Gotzone Sagardui Osasun sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko «Boulevard» saioan. Bertan, ziurtatu du bermatu egingo dela Ukrainatik datozen pertsona guztiek Euskadiko edozein herritarrek bezala osasun-arreta izatea.

Era berean, Ukrainako osasun-zentroetatik iristen ari diren osasun-produktuen eta farmazia-produktuen eskaerei erantzuteko koordinazioan lanean ari direla adierazi du. “Gauza bera egiten ari gara tratamendu onkologikoak, premiazko ebakuntzak edo beste gaitzen bat duten eta lekualdatzea behar duten pertsonei dagokienean”, gaineratu du. Ildo horretan, azpimarratu du Ministerioaren esku jarri direla “gure gaitasunak eta aukera” behar izanez gero Osakidetzan tratatuak izan daitezen.

Pandemia

Barrualdeetan maskara erabiltzeari buruz galdetuta, Osasun sailburuak azpimarratu du erabakia pandemiaren bilakaeraren arabera eta osasun publikoko adituen irizpidean oinarrituta hartuko dela, eta, oraingoz, “adierazleak gorantz doaz, 900 kutsatze berri baino gehiago ditugu gaur egun, eta kutsatutako pertsonen kopuru handia da oraindik”. Hala, Sagarduik adierazi du gertutik jarraitu beharko dela eboluzioa, eta adierazi du hilabeteak geratzen zaizkigula birusarekin bizitzeko. “Baikor nago. Bide onean gaudela uste dut. Espero dezagun gorakada txiki bat izatea, besterik ez”, gaineratu du.

Zaintza epidemiologikoa

Elkarrizketan, Osasuneko sailburuak jakinarazi du Euskadik hilabeteak daramatzala gaixotasunen eragile diren –besteak beste, gripea, hotzeri arrunta, bronkiolitisa edo COVID-19a– arnas infekzioetarako zaintza epidemiologikoaren sistema berria diseinatzen. Horren berri eman zuen atzo Zaragozan egindako Lurraldearteko Osasun Kontseiluaren bileran.

Hala, Sagarduik azaldu duenez, 2021eko urrian, gripearen aurkako kanpaina zenean, Osasun Sailak eta Osakidetzak erabaki zuten Arnas Infekzio Akutuen zaintza-sistema berri baten oinarriak abian jartzea. Sistema ezarrita, hark aukera ematen du interesekotzat jotzen diren patologiak zaintzeko, kasu honetan arnas infekzio akutu bat, eta biztanleria orokorrean benetako intzidentzia zein izan daitekeen jakiteko.

Emaitzei dagokienez, azpimarratu behar da zaintza epidemiologikoaren sistema behar bezala dabilela, eta, hari esker, EAEk gripearen, SARS-CoV-2aren, metapneumobirusaren, parainfluenzaren, arnas birus sintzitialaren, adenobirusaren eta errinobirusaren detekzio-emaitzak ditu, lagin kliniko bakarretik abiatuta. Hala, azken astean, laborategira bidalitako 46 arnas kasuen % 76,1 egiaztatu dira eta, beraz, asteko intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 235 kasu ingurukoa dela ondorioztatzen da. Zehazki, igoera nabarmena ikusi da azken astean gripearen detekzioen kopuruan; joera hori Europan eta Estatuan ere nabaritu da, baina ez du inpakturik izan asistentzia-sisteman.