Donostiako Udalak plaka bat jarriko du hurrengo larunbatean, martxoaren 12an, Francisco Javier Gómez Elosegiren omenez, ETAren biktima 1997an. Honekin 21 izango dira Udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak.
Plaka jartzeko ekitaldia larunbatean, 12:00etan, Gros auzoko Bermingham kaleko 37. zenbakiaren inguruan izango da, eta plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den bezala, omenaldi xumea egingo da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak eta udal taldeetako ordezkariek parte hartuko dute.
Francisco Javier Gómez Elosegi, 37 urtekoa eta Martuteneko kartzekako psikologo funtzionarioa, garondoan tiro bat jaso zuen lanera joateko bere etxetik atera zenean, ETAk egindako atentatu batean.
Horrenbestez, Udalak hirian arrazoi politikoengatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du.
Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sánz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordóñez Fenollar, Francisco Martín González, Fernando Múgica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Domínguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes eta Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda – guztiak ETAk erailak -, Enrique Cuesta, Antonio Gómez eta Juan Manuel García Cordero – Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erailak -, Begoña Urroz Ibarrola – DRIL talde armatuak eraila –, Mari Jose Bravo del Valle – Batallón Vasco Español taldeak eraila – eta Joseba Baradiaran Urkola – poliziaren ekintzak eragindako biktima -.