Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bere prestakuntza eta enplegu baliabideak eskainiko dizkie hala eskatzen duten Ukrainako errefuxiatuei, SEPEk Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak eskatuta egindako kontsultaren aldeko interpretazioa egin ondoren.
Joan den ostegunean sartu zen indarrean Ministroen Kontseiluaren akordioa, Ukrainaren egoerak eragindako pertsonak aldi baterako hartzeko Europako Zuzentaraua Espainian aplikatzeko, bizileku- eta lan-baimenak jasotzeko eskubidea aitortzen duena.
Gloria Múgica Lanbideko zuzendari nagusiak, lehendakariordeak eskatuta, kontsulta bat egin zion SEPEri, akordioa euskal enplegu-zerbitzu publikoan aplikatzeko. Kontsulta horren ondoren, Espainia osoko Enplegu Zerbitzu Publikoen Sistemak atzo arratsaldean erabaki zuen martxoaren 18tik aurrera erregistro informatikoetan partekatuko dutela aldi baterako harrera-egoeran dauden eta enplegu-eskatzaile gisa hala nahi duten Ukrainatik datozen errefuxiatuen aitorpena.
Aitorpen horri esker, erregistratzen badira, Lanbidek eskaintzen dituen prestakuntza eta enplegu baliabideak eskuratu ahal izango dituzte egungo egoerak irauten duen bitartean. Baliabide horiek Iñigo Urkullu lehendakariak krisi honetarako sortutako mahaiaren esku jarriko dira, instituzio eta erakunde humanitario guztiek eskaintzen dituztenekin koordinatzeko.