Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu du sei finantza erakunderekin

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak Bankoa Abanca, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxarekin euskararen erabilera sustatzeko eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko helburua duen hitzarmena sinatu dute.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eta Bankoa Abankako Euskara Koordinatzaile Ana Urkiza, BBVA-ko Iparraldeko Lurralde zuzendari Carlos Gorriak, Caixabank-eko Negozio Arloko Zuzendari Igor Goienetxek, Kutxabank-eko Txikizkako Negozioaren zuzendari nagusi Eduardo Ruiz de Gordejuelak, Laboral Kutxako Pertsonen Departamentuko zuzendari Iñaki Egizabal-ek eta Rural Kutxako Bizkaia eta Arabako erakunde saileko arduradun Iratxe Sainz-ek aurkeztu dute hitzarmena Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan egin den prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzaren “Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko 2020-2023 Planak” eta XII. Legealdirako Gobernu Programak euskararen ezagutza areagotzeko konpromisoa zehazten dute, batez ere, euskaren erabilera azpimarratzea gizarte eta kultura eremuetan, eremu ekonomikoan, digitalean eta sektore publikoan. 123/2008 dekretuak, Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzkoak, berriz, herritarren hizkuntza eskubideen bermeaz dihardu. Finantza erakundeei zuzenean eta zeharka eragiten die hauek guztiek eta erakunde sinatzaileek bezero eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu onena ematea eta haien beharrak ongien asebetetzea dute helburutzat eta euskararen kudeaketa egokia egitearekin hurbiltzen dira, besteak beste, helburu horretara. Finantza erakundeek gainera konpromisoa hartzen dute parte hartzen duten edo babesten dituzten ekintza eta egitasmoetan euskararen presentzia sustatu eta bermatzeko.

Bilbon egindako prentsaurrekoan Zupiria sailburuak adierazi duenez “azken bost urtetan elkarren arteko jarraipen batzordeen maiztasuna ugaritu da, eta akordioa berritzeko konpromisoa elkarrekin hartu genuenetik, 2021az geroztik, lankidetzarako foroak ugaritu ditugu. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak finantza entitateekiko lankidetza indartzeko, zerbitzu teknikoa jarri zuen iaz abian. Praktika onak partekatu eta finantza entitateek dekretuaren betetze maila areagotzeko beharrezko dituzten baliabideak erraztea izan da foro edo lan-talde hauen egitekoa”.

Guztira bost konpromiso nagusi hartzen dituzte Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu duten erakundeek:

  1. Herritarren hizkuntza eskubideen alorrean elkarlana zehaztu eta egonkortzeko konpromisoa.
  2. Euskararen aldekotasuna adierazten duten ekimenak sustatu eta horietan aktiboki parte hartzeko konpromisoa.
  3. Finantza entitate sinatzaileek konpromisoa hartzen dute euren erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko plana egin eta bideratzeko. Orain arte planik izan ez duten finantza entitate sinatzaileek, hasteko, egoeraren diagnostikoa eta plana egingo dute.
  4. Finantza entitate sinatzaileak ahaleginduko dira, ahal den neurrian, herrietako euskara zerbitzuekin, UEMArekin eta EUDEL-ekin lankidetzan aritzen euskararen erabilera sustatzen ekimenei eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeari dagokionez.
  5. Finantza entitate sinatzaileek bezeroekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartzen dute.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez “hitzarmen berritu honek badu aurreko hitzarmenetik berrikuntza esanguratsu bat. Finantza entitate guztiak hartu dute konpromisoa euskara euren erakundetan sustatzeko: barrura begira (lan hizkuntza) nahiz kanpora begira (zerbitzu hizkuntza). Eta horretarako, guztiek ala guztiek hartu dute konpromisoa erakundean euskara plana egin eta garatzeko. Azpimarra handiena horretan egin nahi du Eusko Jaurlaritzak, uste baitugu euskara planak tresna ezin hobeak direla hizkuntzak, euskara eta gainerako hizkuntzak, modu planifikatuan kudeatuz zerbitzuaren kalitatea hobetzeko”.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailetik aholkularitza zerbitzua eskainiko zaie entitate sinatzaileei beraien euskara planak eta jarduketak planifika ditzaten. Helburua zerbitzuen eskaintza elebiduna pixkanaka-pixkanaka handitzea eta euskara finantza erakundeetako lan hizkuntza moduan garatzea da.

Eusko Jaurlaritzak 2007an hiru aurrezki kutxarekin sinatu zen lankidetza hitzarmena eta 2015ean bederatzi finantza erakunderekin. Gaur aurkeztu den hitzarmena lau urterako egongo da indarrean eta aurrerantzean hitzarmenarekin bat egin nahi duen beste edozein finantza erakundek ere izango du horretarako aukera. Jarraipen batzorde bat arduratuko da hitzarmenaren jarraipena eta ebaluazioa egiteaz eta Hizkuntza Politikako sailburuordetzak jarritako zerbitzu teknikoaren bidez egingo da urtean urteko lan-plana, entitate bakoitzaren beharrei erantzuteko sortua.