Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Delinkuentzia Kasuen 2021eko Azterketa. Dokumentuan urtero biltzen, aztertzen eta alderatzen da Euskadin gertatzen diren eta Ertzaintzak eta 15.000 biztanletik gorako udaletako udaltzaingoek zenbatzen dituzten arau-hauste penalei buruzko informazioa.
2021ean, orokorrean, gora egin zuten delitu-indizeek aurreko urtearekin, 2020arekin alderatuta, baina datuek ez dute egoera erreala adierazten, 2020ko hilabete batzuetan mugikortasunaren murrizketa, tarte soziala eta etxeratzeak ezarri baitziren pandemiaren ondorioz. Delinkuentzia-tasak gora egin duen arren berezitzat jotako urteen, 2021 eta 2020, arteko konparazioan, oraindik ere 2019koen azpitik dago, eta urte horrekin delituen zifren konparazio errealistagoa egin daiteke.
Horrela, Euskadiko delinkuentzia-tasa mila biztanleko 50,4koa izan zen, eta 2019arekin alderatuta jaitsiera % 8,4koa izan zen, beraz. Lurraldez lurralde, jaitsierarik handiena Araban izan zen, lurralde horretan mila biztanleko delinkuentzia-tasa % 17,8 jaitsi baitzen, eta ondoren Bizkaian (% 8,2ko jaitsiera) eta Gipuzkoan (% 3,3ko jaitsiera 2019arekin alderatuta).
Bestalde, Euskal Poliziak 2021ean erregistratutako arau-hauste penalen kopuruan ere beheranzko joera hauteman da 2019ko zifrekin alderatuta. Euskadi osoan 111.594 arau-hauste penal izan ziren, 2019an baino % 8,1 gutxiago.
- Lurraldez lurralde, arau-hauste penal gehienak Bizkaian erregistratu ziren (62.437, 2019an baino % 8,1 gutxiago), ondoren Gipuzkoan (33.108, % 3 gutxiago) eta Araban (16.049, % 17,2 gutxiago).
- Hiriburuz hiriburu, kopururik handiena Bilbon erregistratu zen (25.949, 2019an baino % 10 gutxiago), ondoren Gasteizen (13.217, % 13,4 gutxiago) eta Donostian (12.705 arau-hauste penal, 2019an baino % 5,9 gutxiago).
DELITU-TIPOLOGIA
Delitu-motaren arabera, Euskadin gehien egiten diren arau-hauste penalak ondarearen aurkako delituak dira oraindik ere, eta 2021ean 82.989 erregistratu ziren, guztien % 74,4, eta beste guztien gainetik ebasketak nabarmentzen dira (33.139 2021ean, 2019an baino % 21,4 gutxiago). 2019arekin alderatuta, % 11,9 jaitsi dira.
Euskadin 2021ean egindako gainerako arau-hauste penalak pertsonen aurkako delituak izan ziren, eta, orokorrean, 2019an baino gutxiago izan ziren. Estrategikotzat jotako delituen artean (Europar Batasunak herrialde kide guztietan oinarrizko tipologia komun gisa zehaztu dituenak) honako azalpenak nabarmendu behar dira:
- 2021ean burututako 11 hilketak (6 Gipuzkoan, 3 Bizkaian eta 2 Araban), % 100, argitu ziren polizialki. Horietako bi emakumeen kontrako indarkeria-kasuak izan ziren: Conchi 2021eko otsailaren 12an hil zuten Sestaon eta Erika 2021eko urriaren 12an Gasteizen. Bietako bakar batek ere ez zuen salaketarik jarrita edo espedienterik irekita emakumeen aurkako indarkeriagatik Ertzaintzan edo udaltzaingoetan.
- Sexu-erasoek aurreko urtearekin alderatuta % 29 egin zuten arren gora, oraindik ere pandemia aurreko mailaren azpitik daude (% 7,2). Sexu-erasoen % 30 bikotekideari edo bikotekide ohiari lotutako indarkeriaren eta familia-harremanen esparruan gertatzen dira. Era horretako delitu gehien-gehienetan aldez aurretik harreman bat dago biktimaren eta erasotzailearen artean, eta horrek asko laguntzen du delitua argitzen; halakoak izan dira kasuen % 85,6.
- Genero-indarkeriako / Etxeko indarkeriako delituak egonkor mantendu dira azken urteotan. Euskal poliziak 5.052 erregistratu zituzten 2021ean. Indarkeria hori bikotekideak edo bikotekide ohiak emakumeengan (genero-indarkeria) eragiten duenean, Euskal Poliziak egiaztatu du lesioak eragiten dituztenak ugaritu egin direla.
BESTE DELITU BATZUK
Bestalde, Ertzaintzak beste delitu-kategoria batzuk ere monitorizatzen ditu Euskadin duten garrantziagatik edo interesagatik, besteak beste hauek:
- Ziberdelinkuentzia: Ertzaintzak ikertzen dituen bost delituetatik bat Internet bidez egiten da. Delitu-kategoria hori argi eta garbi gorantz doa: 2021ean 16.103 erregistratu ziren, 2019an baino % 12,5 gehiago. Ziberdelinkuentziaren esparruan, gehien egiten den delitua iruzurra da (14.338 erregistratu ziren, 2019an baino % 7,8 gehiago), eta ondoren identitatea usurpatzea (651, 2019an baino % 120 gehiago) eta mehatxuak eta koakzioak (584, 2019an baino bi aldiz gehiago).
- Gorroto-delituak: Gorroto-delituengatik jarritako salaketek gora egiten jarraitzen dute. Kategoria horretan sartzen dira arrazakeriarekin, xenofobiarekin, antisemitismoarekin, sexuarekin, generoarekin, joera politikoarekin edo ideologikoarekin, adinarekin, aniztasun funtzionalarekin eta antzekoekin zerikusia duten arau-hauste penalak. 2021ean 277 erregistratu ziren, eta 2020rekin alderatuta igoera % 15ekoa izan da eta 2019arekin alderatuta % 140koa. Eusko Jaurlaritzaren ustez igoera horren arrazoia da gizartean gora egiten ari direla era horretako arau-hausteekiko sentsibilizazioa eta ezagutza, eta, horren ondorioz, gero eta gehiago salatzen direla era horretako delituak. Indarkeria-mota horren arrazoi nagusia arrazakeria eta xenofobia dira, eta ondoren identitate edo orientazio sexuala.
- Covid-19ak eragindako ezohiko egoerarekin zerikusia luketen arau-hauste penalak: Kategoria hau argi eta arbi behera egiten ari da, alarma-egoerako mugen eta osasun-murrizketen ondorio den araudia urratzearekin baitu zerikusia. 2021ean 1.216 arau-hauste penal izan ziren, 2019an baino % 61 gutxiago.