Biztanleriaren % 64k diote nahiko edo oso interesatuta daudela zientziarekin eta teknologiarekin, nahiz eta gai horiei buruz informazio gutxiago duten, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak euskal gizarteak zientzia eta teknologia nola hautematen dituen jakiteko joan den hilaren erdialdean egindako azterlan baten arabera.
Gainera, 1etik 5era bitarteko eskala batean, biztanleriak zientziari eta teknologiari buruz duen informazio-maila 2,9 da, ingurumenaz eta ekologiaz (3,4) eta medikuntzaz eta osasunaz (3,2) daukanaren atzetik.
Oro har, herritarrek zientzia eta teknologiari buruz duten pertzepzioa positiboa da eta gehienek uste dute hainbat teknologia berrik eragin positiboa izango dutela datozen 20 urteetan, hala-nola: energia eolikoak (%87k), informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (%80k), bioteknologiak eta ingeniaritza genetikoak (%79k), nanoteknologiak (%67k) eta adimen artifizialak (%62k).
Biztanleria banatuta dago Internet bidezko kudeaketak egiteko teknologia berrien erabileran duten gaitasunari edo prestakuntzari dagokionez: %48k uste dute gaitasun handia edo nahikoa dutela, %22k gaitasun pixka bat dutela eta %29k gutxi edo batere ez.
Azterlanaren arabera, adinean aurrera egin ahala, nabarmen jaisten da teknologia berriak erabiltzeko gai izatearen pertzepzioa, bai kudeaketak egiteko, bai gailu teknologiko berriak erabiltzeko. Aldiz, ikasketa-mailak gora egin ahala, gero eta gehiago dira erabiltzeko gai direla uste dutenak. Generoen arteko aldea ere sumatzen da: gizonak emakumeak baino trebatuagoak sentitzen dira.