Eusko Jaurlaritzak eta EuskalEguraldia informazio meteorologikoan espezializatutako elkarteak elkarlanean jardungo dute muturreko fenomenoen hedapenean eta sentsibilizazioan

0
PRUEBA

Meteorologiaren Mundu Egunarekin bat etorriz, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Fernando Izaguirre Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak lagunduta, EuskalEguraldia elkarte berria aurkezteko ekitaldiaren buruan izan da. Elkartearen buru Andoni Domínguez da eta denbora errealean gertatzen ari diren edo denbora-epe labur samarrean gerta litezkeen egoera meteorologikoei eta horiek eragin ditzaketen arriskuei eta arazoei buruzko informazioa sare sozialen bidez ematean espezializatuta dago.

Hitzarmenaren helburu nagusia da batez ere Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziarekin lankidetzan jardutea, eta egoera meteorologikoei buruzko testuak, grafikoak, argazkiak eta bideoak ematea sare sozialen bidez. EuskalEguraldia elkarteak muturreko fenomeno meteorologikoei eta tokian-tokian nahiz autonomia-erkidegoan horiek izan ditzaketen ondorioei (larrialdiak, hondamendiak edo lazeriak) buruzko informazioa monitorizatuko eta hedatuko du, eta gizartearen autobabesa sustatuko du dauden arriskuen araberako gomendioak zabalduz.

Azken batean Eusko Jaurlaritzak, muturreko fenomeno meteorologikoek izandako eraginen aurrean autobabes-lanetan gizarte zibila integratzearen bidez, euskal gizartearen erresilientzia eta ezagutza areagotzeko egindako apustua da. Berez EuskalEguraldia, babes zibileko beste erakunde batzuk bezala, jada sartu da Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman.

2021eko LABURPENA

2021ean zehar Eusko Jaurlaritzak 176 abisu hori, 18 alerta laranja eta alarma gorri 1 aktibatu zituen. Garrantzizkoa da adieraztea, egun berean fenomeno ezberdinekin erlazionatutako abisu hori bat baino gehiago edo alerta laranja bat baino gehiago pila daitezkeela.

Aldagai meteorologikoak Abisu horiak Alerta laranjak Alarma gorriak GUZTIRA
PREZIPITAZIOAK        
Iraunkorrak 14 5   19
Euri-jasak 26 1   27
ELURTEAK 21 4   25
HAIZEA        
Ageriko lekuak 21     21
Agerikoak ez diren lekuak 11     11
ITSASOA/KOSTALDEA        
Olatu-altuera – nabigazioa 22 5 1 28
Galernak 5     5
Inpaktua kostaldean 19 2   21
TENPERATURAK        
Izotza 17 1   18
Altu iraunkorrak 2     2
Altu muturrekoak 5     5
BASOKO SUTEAK 13     13
GUZTIRA 176 18 1 195

GERTAERA METEOROLOGIKOAK 2021

2021ean zehar muturreko gertaera meteorologiko bat baino gehiago izan dira Euskadin. Honakoak izan ziren aipagarrienak:

  • Urtarrilaren 30ean “Justin” deituriko borraska bat igaro zen Bizkaiko golkoaren iparraldetik, eta haize eta itsaso zakarreko denboralea eragin zuen. Haize-boladak 140 km/h-tik gorakoak izan ziren Matxitxakon, eta egunaren amaieran olatuak 9 metrotik gorakoak izan ziren, eta hilaren 31n 11 metrora ere iritsi ziren. Otsailaren 2ra arte luzatu zen gertaera horretan itsasgoretan olatuek itsasertza gainditu zuten leku batzuetan.
  • Ekainaren 17tik 19ra DANA batek ekaitz gogorrak eragin zituen, eta 30,1 l/m² erregistratu ziren San Prudentzioko estazioan, 26,8 l/m² Urkiolan eta 25,8 l/m² Abetxukon. Gertaera horretan, bai eta ekaineko beste hainbat egunetan ere, ekaineko eta urte osoko 10 minutuko eta ordubeteko prezipitazioen errekorrak hautsi ziren. Bestalde, estazio askotan ekaineko prezipitazio-balio osoak XXI. mendeko altuenak izan ziren.
  • Azaroko azken egunetan prezipitazioak oso ugariak eta iraunkorrak izan ziren, eta hilaren 27tik 29ra elur-maila 500 metrora jaitsi zen. Hiru egun horietan metatutako prezipitazioa 200 l/m²-tik gorakoa izan zen isurialde kantauriarrean, eta horrek eta urtutako elurrak ur goraldi esanguratsuak eragin zituzten Euskadiko ibai-arro askotan. Prezipitazio-balioek, bai hilekoak bai egunekoak, errekorrak hautsi zituzten estazio askotan.
  • Abenduaren 7tik 10era bitartean, ziklogenesi leherkor batek eragindako “Barra” deituriko borraskak haize gogorrak, olatu handiak, erdiko mailetan elurra eta prezipitazio oso ugariak eragin zituen Euskadin, eta ibai-arro askotan uholde esanguratsuak izan ziren. 24 orduan 100 l/m² metatu ziren, eta Eskaseko estazioan 160 /m²; egun horietan hilabetean, egunean eta orduetan metatutako mende honetako prezipitazioen errekorrak hautsi ziren.
  • Abendua antizikloi indartsu batekin eta tenperatura-anomalia positibo batekin amaitu zen, termometroek XXI. mendeko abendu bateko errekorrak hautsi zituzten bai tenperatura maximo altuenen kasuan bai tenperatura minimo altuenen kasuan. Bilbo Handiko erreferentziako estazio historikoetan ere bertan jasotako serietako muturreko balio absolutua izan zen. Horrela, hilaren 31n Arteagako estazioan balio maximoa 25,8ºC-koa izan zen, eta gau horretan bertan isurialde kantauriarreko estazio batzuetan tenperatura minimoak ez ziren 20ºC-tik jaitsi.

KANAL METEOROLOGIKOAK 2021

2021ean Eusko Jaurlaritzaren “Abisuak nahieran” zerbitzua 3.270 erabiltzailetara iritsi zen. Gainera, Twitter (@Euskalmet) kontuak 4.968 txio argitaratu zituen, eta 119.822 jarraitzailetara iritsi zen.