Dantzertiren Arrakala 2022 jardunaldiak kaleko arteak izango ditu ardatz

0
PRUEBA

Dean dago prest Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan, Arrakala jardunaldiaren 6. edizioa has dadin. Dantzertik urtero antolatzen dituen saio eszeniko-pedagogikoetan, kaleko arteak izango dira ardatz, kale ikuskizunak. Horien inguruan, egitarau oparoa prestatu du eskolak: tailer, mahai inguru eta ikuskizunak hilaren 25, 26 eta 27an burutuko dira, Dantzertiren Bilboko egoitzan (Ibarrekolanda plaza, 1).

Jardunaldiak, zalantzarik gabe, kaleko arteei buruz ikasteko eta hausnarketa egiteko aukera izango dira, baina ez hori bakarrik. Baita kalean bertan bizitzeko eta gozatzeko ere. Horretarako, Arrakalak zeregin horretan eskarmentu handia duten konpainiak eta profesionalak hurbilduko ditu Dantzertira, ikasleen parte-hartzeari berebiziko garrantzia emanez.

Larunbaterako, martxoaren 26rako, kaleko antzerkian izena eta ospea lortu duten lau antzerki konpainia elkartuko ditu mahai inguruan: Hika Teatroa, Deabru Beltzak, Markeliñe eta Hortzmuga. Talde hauetako kideek ikuspuntuak eta gogoetak partekatuko dituzte, honako gai honen inguruan: “Euskal Herriko kaleko arteak: iragana, oraina eta etorkizuna”.

Dantza eta antzerkia kalean

Era berean, programak tailerrak ere jasotzen ditu martxoaren 25 eta 26rako.    Horietako bat, Natalia Monge Getxoko dantzariak emango duena, kaleko dantzaz arduratuko da. Dantzertik Monge dantzari ospetsua gonbidatu nahi izan du Arrakala jardunaldietara, ikasleei eta interesa duen orori kaleko dantzaren inguruan duen metodologia eta ezagutza irakasteko. Tailer hauetan, mota honetako ikuskizunetan garrantzirik handiena duen alderdietako bat jorratuko du: ikusleen eta dantzarien arteko hurbiltasuna. Gainera, arnasketaren kontzeptua ere landuko du Mongek, bere azken ikerketa koreografikoetan egin duen legez.

Bigarren tailerrean kaleko antzerkia jorratuko da, mota honetako emanaldietan esperientzia handiena duen euskal konpainietako baten eskutik. Hortzmuga konpainiak kale-antzerkiarekiko duen grina eta kaleko ezaugarrietara egokitzeko duen erraztasunaren eta trebetasunaren berri emango die ikasleei.

Jardunaldiei amaiera emateko, tailerretan parte hartzen duten ikasleek bi egunetako lan-saioetan egindako lanaren lagin bat eskainiko dute, artista irakasleekin batera. Dantza erakustaldia Ibarrekolanda plazan (Dantzerti aurrean) izango da, hilaren 26an, larunbata, arratsaldeko 19: 00etan. Kale antzerkia Areatzan izango da, igande eguerdiko 12: 00etan.

Asteburu batez, arte eszenikoen sektorearen, eskolako ikasleen eta bertan parte hartu nahi duten herritarren bilgune bihurtuko da Dantzerti, horixe baita Arrakalaren asmoa hasiera-hasieratik.

Arrakala 2022 jardunaldiaren egitarau osoa, informazio osagarriarekin batera, hemen daukazue eskura.