Mugikortasun Jasangarriaren Lege-proiektua onartzea

0
PRUEBA

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Mugikortasun Jasangarriaren Lege-proiektua onartu du gaur. Proiektua Legebiltzarrera bidaliko du bertan eztabaida dadin, Euskal Autonomia Erkidegoan mugikortasun jasangarria sustatzeko esparru bat sortzeko. Lege-proiektuaren xedea da mugikortasun aktiboa (oinez edo bizikletaz) sustatzea, garraio publikoa bultzatzea ibilgailu pribatuaren aurrean, garraio-titulu publikoen elkarreragingarritasuna sistema integratu intermodal batean, trena sustatzea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea erkidego-, foru- eta udal-plangintzaren esparrutik.

Lege-proiektuak jasotzen ditu herritarren eskubideak eta betebeharrak, mugikortasun-planak egiten haiek parte hartzea edo udalerrien hirigintza-jarduketek mugikortasun jasangarrian duten eragina udalerri horiek kontuan hartzeko betebeharra. Helburua da karbono-aztarna murriztea, eta pertsonek garraio publikoa erabiltzea lehenetsiko duen garraio-sistema intermodal baterantz aurrera egitea.  Neurrien artean, honako hau jasotzen da: bi urteko epea ezartzea dauden garraio-tituluak erabat elkarreragingarriak izan daitezen Euskal Autonomia Erkidegoko garraiobide guztietan.

Proiektuak garraioaren fiskalitateari ere heltzen dio, eta foru-aldundiei eta udalei aukera ematen die tresna hori eta politika ekonomikoko beste tresna batzuk erabiltzeko, mugikortasun jasangarriari laguntzeko asmoz. Zehazki, mugikortasun jasangarriaren aurka doazen jarduerak sustatzen ez dituzten zerga- eta finantza-neurriak ezartzeko aukera jasotzen du artikulatuak, hala nola tasak, kanonak edo kargak, zergak eta murrizketak. Aldi berean, ingurumenari kalterik egiten ez dioten garraio-moduetarako hobariei edo salbuespenei ateak zabaltzen dizkie.

Mugikortasun aktiboaren kontzeptua eta oinezko eta bizikletazko joan-etorrien sustapena praktikan jartzeko, zerbitzu publikoetako eraikinek eta geltokiek bizikletentzako aparkalekuak izan behar dituzte, eta bizitegi-eraikin berriek garraiobide horretarako espazioak izan behar dituzte nahitaez.

Era berean, testuak planteatzen du autonomia- eta probintzia-mailan mugikortasun jasangarriko planak sortu behar direla, 10 urteko indarraldiarekin. 5.000 biztanletik gorako udalerriek ere dokumentu horiek izan beharko dituzte —Aldundiek 5.000 eta 20.000 biztanle arteko udalekin lankidetzan jardungo dute dokumentu horiek idaztean—. Proiektuak lantokietako mugikortasun-planak barne hartzen ditu.