Errenta aitorpena euskaraz egiteko UEMAren kanpainarekin bat egin du Azpeitiko Udalak

0
PRUEBA
Urtero gisa, Azpeitiko Udalak bat egin du UEMAk Errenta Aitorpena euskaraz egiteko abian jarritako kanpainarekin. Iaz, Azpeitian, 7.970 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %44 euskaraz egin ziren.

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi dute UEMAk eta Azpeitiko Udalak, eta horien artean, errenta aitorpena ere euskaraz egitea. Horretarako, aurreko urteetan bideari jarraituz, hautu hori sustatzeko kanpaina hasiko dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean. Izan ere, lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera bideak aldatzen diren arren, errenta aitorpena egiteko moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honen helburua.

Heldu da unea 2021eko errenta eta ondarea aitortzeko. Apirilaren 4an hasiko da kanpaina Gipuzkoan, eta ekainaren 30era arte iraungo du. Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko.
Izan ere, azken urteetan errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik.

Administrazioa euskalduntzeko bidean eredu izan nahi du UEMAk, eta bide horretan, garrantzitsua da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Udalen eta hainbat erakunde publikoren arteko elkarlana ez ezik, herritarren babesa eta parte hartzea ezinbestekoa da horretarako, eta hautu horretan eragin nahi da kanpaina honekin

Modu bat baino gehiago dago errenta aitorpena egiteko eta tramiteak euskaraz egiteko: autolikidazio proposamena onartzeko orduan, eta baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egitean ere, euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adierazi diezaiokete herritarrek. Bestalde, gestoria batean eginez gero, errenta aitorpena euskaraz egin eta ogasunekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adierazi dezakete.

Iazko datuak
Azpeitiaren kasuan, pasa den urtean, 2020ko errenta aitorpena egiterakoan, honakoak izan ziren datuak:
Guztira eginiko errenta aitorpenak: 7.970
Euskaraz eginiko errenta aitorpenak: 3.498 (%44)
Euskaraz egin ez ziren errenta aitorpenak: 4.472 (%56)