Donostiako Berdintasun Kontseiluak adierazpena egin du jazarpen abortistaren aurka

0
binary comment

Donostiako Udaleko Berdintasun Kontseiluak, eta bertako kideek, 2022ko martxoaren 30ean eginiko bilkuran, emakumeek haurdunaldia borondatez eteteko duten eskubidea bermatzeko neurriak har daitezela eskatu, eta eskubide hori egikaritzean jasaten ari diren kale-jazarpena salatzea adostu dute, ahobatez.

Emakumeok sexu- eta ugalketa-eskubideen titular gara, eta hauen artean, haurdunaldia borondatez eteteko oinarrizko eskubidea dago. Zoritxarrez, eskubide horren egikaritzaren aurka talde ultrakatolikoak agertu dira, eta espainiar estatuko hainbat herritan eskubide hori bermatzen duten kliniken aurrean talde hauek sistematikoki kontzentrazioak egiten ari dira, onartezina den kale-jazarpena eragiten ari dira euren eskubidea egikaritu nahi duten emakume askoren aurka.

Egoera hau bera Donostian ere gertatzen ari da, sistematikoki kliniken aurrean jartzen direlarik, jazarpena egiten, emakumeen erabakia zalantzan jartzen eta larderia egoerak sortzen. Kasu baten, jazarpen hauen aurka agertu zen emakume bat erasotu zuten.

Legez kontrakoa den eta emakumeen eskubideak mugatzeko xedea duten jazarpen hauen aurka, Donostiako Berdintasunerako udal kontseikuko partaideok, ondokoa adierazten dugu:

  • Haurdunaldia etetea erabaki eta prozesu hori aurrera eramateko osasun-zentro batera bertaratzen diren emakumeei babes osoa adierazten diegu.
  • Donostian kokatuta dagoen eta egunetik egunera jazarpena jasaten ari den klinikari eta bertako langileei elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu.
  • Osasun-sistema publikoak emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak bermatzea eskatzen dugu, eta euren eskubideak askatasunez eta segurtasunez egikaritzeko topatzen dituzten oztopo ideologiko eta administratiboak ezabatzeko neurri eraginkorrak har daitezen eskatzen dugu.