Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Ekonomia Itunaren ereduan oinarrituta, Euskadiren eta Estatuaren arteko harremanen sistema global berria eskatu du. Adierazi duenez, Itunak Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen arteko finantza-harremanen oreka bermatzen du, eta, beraz, oreka hori ez dagoen eremuetan bi aldeen arteko harremanak nolakoak izan beharko liratekeen erakusten duen eredua da.
Kasu nabarmen gisa harreman juridiko eta politikoak aipatu ditu, Gernikako Estatutua onartu eta 43 urtera oraindik transferitu gabeko eskumenak daudela gogoraraziz. Horregatik, ondorioztatu duenez, Euskadiren eta Estatuaren arteko harreman-sistema global berria behar dugu, Ekonomia Ituna bezala aldebikotasunean, itunean eta inposaketarik ezean oinarritzen dena.
Ahaldun Nagusiaren iritziz akordioaren kultura hori eremu juridiko-politikoetara hedatzeak aukera emango luke egungo geldialdi eta frustrazio egoera gainditzeko eta autogobernuan aurrera egiteko, horrela herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko duten askatasunarekiko errespetua bermatuz.
Itunak, Ekonomia Itunaren Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak, antolatutako Kupoari buruzko jardunaldian Rementeriak esan du hori dela Euskal Herriaren eskubide historikoen adierazpenik gaurkotuena eta egiazkoena, baita autogobernurako tresna nagusia ere.
Foru-ogasunek nazioarteko fiskalitatean parte hartzea
Zerga-administrazio integralak direnez (arautzeko, kudeatzeko eta ikuskatzeko gaitasuna dutenak), Rementeriak foru-ogasunek nazioarteko foroetan parte hartzea eskatu du. Hau da, hainbat errealitateri erantzun behar dieten zerga-arau berriak definitzen diren foroetan, adibidez globalizazio ekonomikoa, merkataritza-harremanen digitalizazioa eta ekonomia- eta finantza-jardueren deslokalizazioaren erraztasuna bezalako gaiak ebazten dituztenetan.
Abiaburu moduan kontuan hartuta nazioarteko fiskalitateak zergapetzea balioa sortzen den lekuan eta benetan sortutako zenbatekoarekin gertatzen dela ziurtatu behar duela, Rementeriak esan du ezinbestekoa dela euskal erakundeek prozesu horretan parte hartzea, zerga-oinarrien banaketa, hain zuzen ere, Ekonomia Itunaren funtsezko zatia delako. Horrek ezartzen du zer lotura-puntuk zehazten duten zergapeko egitateen esleipena administrazio batentzat edo bestearentzat, eta, beraz, Rementeriarentzat nazioarteko fiskalitatearen berrikuspen-prozesua modu naturalean egokitzen zaio Itunaren espirituari.
The Biscay model
Ekonomia Itunak eskaintzen duen egonkortasunari balioa emateaz gain, Unai Rementeriak berrikuntzarako gaitasuna nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiak tributazioa Garapen Jasangarriko Helburuetara egokitzeko Mariana Mazzucato irakaslearen zuzendaritzapean University College Londonekin batera egindako lana erreferentziatzat hartuta.
Ildo horretatik azpimarratu du The Biscay Model, baterako lan horren emaitza, egokitzapen horri dagokionez erreferentzia dela Europan eta Bizkaiko zerga-araudiari gaitasuna ematen diola Garapen Jasangarriko Helburuak betetzera egokitzeko.
Itunaren ezagutza hobetzea
Rementeriak, Itunak aurre egin beharreko erronka nagusietako moduan, bere zabalkundea eta ezagutza hobetzeko beharra azpimarratu du. Herritarren eta profesionalen eta erakundeen ezjakintasunetik eta nolabaiteko axolagabekeriatik abiatzen dira bai Espainian bai Europan Ekonomia Ituna zalantzan jartzen saiatu diren erabaki administratibo eta judizial asko.
Horregatik Foru Aldundiak Ekonomia Itunaren ezagutza eta atxikimendua zabaltzeko konpromisoa hartu du, eta eskerrak eman ditu Ituna eta Ad Concordiam elkarteek, Euskal Herriko eta Deustuko unibertsitateek edo Pedro Luis Uriarte buru duen Itunaren Erkidegoak egiten duten lanagatik.