Emakumeei antidepresibo gehiago ezartzeko joera dago, eta gizonei baino probabilitate txikiagoa dago haientzat proba diagnostiko bat eskatzeko.
Azterlanak gogorarazten du ondoeza psikologikoa eta haren arreta lotuta daudela emakumeek eta gizonek gizartean duten posizioarekin
Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak “Análisis de la asistencia de Urgencias de Psiquiatría y Salud Mental desde una perspectiva de género: Trienio 2017-2019” azterlana aurkeztu du gaur goizean, Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei emandako bekaren emaitza. Aurkezpenean parte hartu dute Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Margarita Sáenz Herrero Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Medikuntzan doktoreak eta María Recio Barberok, Neuropsikologian espezialista eta Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak.
Izaskun Landaidak nabarmendu duenez, osasun-arloan, faktore biologikoez gain, kontuan hartu behar dira emakumeen osasunari eragiten dioten faktore sozioekonomikoak, “hala nola pertsonak zaintzeko lanaren banaketa desberdina, titularra emakumea duten guraso bakarreko familia-nukleo gehiago daudela, errenta-maila baxuagoak dituztela emakumeek, langabezia handiagoa, gizarte-bazterketako maila handiagoak…, desberdintasun horiek eragin zuzena dutelako emakumeen osasunean eta modu desberdinean eragiten dutelako gizon eta emakumeen osasunean eta gaixotasunean”. Horrela, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) generoa pertsonen osasun mentalaren aldagai kritiko erabakigarri gisa identifikatu du. Adibide gisa, OMEk zehaztu zuen 2020an depresioa izan dela munduan desgaitasunaren kausa ohikoena, eta horrek eragin handiagoa izan duela emakumeengan. Horregatik da hain garrantzitsua medikuntzan genero-ikuspegia txertatzea.
Marga Sáenz Herrerok eta María Recio Barberoren ikerketak ondorioztatzen du aldeak daudela gizonen eta emakumeen eskaera klinikoen eta jasotako arreta medikoaren artean: substantziak erabiltzeagatik eragindako nahasmendu kasuetan, profila nabarmen maskulinoa da; buruko nahaste arruntetan eta nortasun-nahasmenduetan, berriz, profilak gehienbat femeninoak dira. Arreta psikiatrikoko eta osasun mentaleko eskaera guztien erdiak buruko nahasmendu arrunten ondorio dira, eta feminizatuena da nahasmendu mota hau, emakumeak lagin osoaren % 65 dira. Talde horretan, emakumeek gizonei baino probabilitate txikiagoa dute eurentzat proba diagnostiko osagarriak eskatzeko, eta, aldi berean, gizonei baino antsiolitiko gehiago agintzen zaie.
Substantziak erabiltzeagatiko nahasmenduak, bestalde, gutxiegi diagnostikatuta daude emakumeen artean. Emakumeengan partzialki ezkutatuta egoteak indarkeriarako eta sexu-erasoetarako arrisku handiagoko egoeretan jartzen ditu, besteak beste. Adikzio-unitateek gizonezko erabiltzaile gehiago dituzte eta gauza bera gertatzen da errehabilitazio-komunitateekin. Komunitate terapeutiko batean bizitzeko baldintzetako bat ohiko ingurunetik isolatzea da, eta hori zaila izaten da emakumeen kasuan, batez ere ardurapeko adingabeak badituzte edo familiako beste kide batzuk zaintzeaz arduratzen badira. Deigarria da paziente talde horretan emakumeei depresioaren aurkako %80 farmako gehiago agintzen zaizkiela, eta ondorioztatu daiteke depresioa duten pazienteak bezala artatuak direla, kasu askotan mendekotasun-arazo bat dutenean.
Nortasun-nahasmenduaren diagnostikoaren kasuan, maizago diagnostikatzen zaie emakumeei, eta antidepresiboak gehiago errezetatzeko joera ere badago; horrek baieztatzen du diagnostiko-talde berean sexuaren arabera desberdin ebaluatzen eta jokatzen dela. Azterlanaren arabera, beharrezkoa da esparru klinikoan hausnarketarako guneak sortzea, eskaria birbideratzen eta adierazten laguntzeko: benetako eredu biopsikosoziala praktika klinikoan txertatzea eta genero-ikuspegia duen osasuna sustatzeko estrategiak sustatzea.
Análisis de la asistencia de Urgencias de Psiquiatría y Salud Mental desde una perspectiva de género: Trienio 2017-2019 (PDF, 4.5 MB)
Resumen (PDF)