Bilboko Udal Musika Banda Arriaga Antzokira itzuliko da igandean

0

Bilboko Udal Musika Banda, igande honetan, apirilak 10, uriko eszenatoki enblematikoenetako batera itzuliko da, Arriaga Antzokira hain zuzen ere.

«Jolas dezagun musikarekin» izenburupean, eta José Rafael Pascual-Vilaplana maisuaren zuzendaritzapean, Bilboko taldeak musikarekin jolasteko zein sentsibilitatea eta arrazionaltasuna garatzeko gonbitea egingo dio publikoari, helburu bakar batekin: bizipenaz gozatzea.

Horretarako, musika bandak luxuzko gonbidatuak izango ditu. Alde batetik, bi soprano izango ditu lagun oholtzan: Laiene Alcalá eta Nora Vazquez. Era berean, Basilio Astulezek gidatzen duen eta moldagarritasun artistiko handia duen Leioa Kantika Korala talde ospetsuak parte hartuko du.

Protagonista horiek guztiak taula gainean daudela, ikuskizunean zehar abesti handiak interpretatuko dira, hala nola, Vincent Persichettiren ‘Symphony Nr. 6 op. 69’, Ruper Lekueren ‘Lainoak‘ eta ‘Inurri-pilo piramidatua‘, Francisco Ibáñez Irribarriaren ‘Juegos de Otoño’ eta J. Vicent Egearen ‘Como niños‘.

Sarrerak Arriaga Antzokiko leihatiletan, www.teatroarriaga.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke. 5 euroko prezioa dute publiko orokorrarentzat eta 4 eurokoa taldeentzat, 65 urtetik gorakoentzat, langabeentzat, pentsiodunentzat, erretiratuentzat, Gazte Txartelaren titularrentzat, familia ugarientzat eta % 33tik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat. gehi kudeaketa-gastuak (euro 1).

Egungo osasun-egoera dela eta, derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea bertaratzen diren guztiek. Era berean, antzokira arinago sartzeko behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

Hitzordu honen ondoren, Bilboko Bandak bigarren kontzertu bat eskainiko du apirilean zehar, hilaren 28an hain zuzen ere, arratsaldeko 18:30etan, Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan. “Kulturak hurbiltasunetik” izenburupean, kontzertua Pascual-Vilaplanak gidatuko du eta Miguel Arbelaiz tronboi jotzaile bakarlariaren laguntza izango du. José Serranoren ‘El Miserere de la Montaña’, Norman Dello Joioren ‘Scenes from “The Louvre”’, Toshio Mashimaren ‘Mont Fuji ‘eta Andrés Álvarezen ‘Eguzkilore’ lanaren estreinaldiaz gozatzeko aukera izango da, besteak beste.