Bilboko Udalak osasun komunitarioaren arloko 5 elkarte eta Ana Estevez irakasle eta ikerlaria saritu ditu Osasunaren Mundu Egunean

0

Bilboko Udalak bat egingo du gaur, apirilak 7, “Gure planeta, gure osasuna” lelopean ospatuko den aurtengo Osasunaren Mundu Egunarekin. Ospakizun horren barruan, osasunaren arloko Bilboko 140 elkarteek egiten duten lana ikusarazi eta eskertu gura izan du Udalak, baita kolektibo horietan modu aktiboan parte hartzen duten dozenaka pertsonek egiten dutena ere.

Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin ohi den eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko alkateorde eta zinegotzi ordezkaria buru izan dituen aintzatespenen banaketa ekitaldiaren barruan eman ditu Udalak eskerrak.

Hauek jaso dituzte aurten XII. edizioa betetzen duten sariak: Bagabiltza Fundazioak, Bilboko Alkoholiko Anonimoen Elkarteak, Alanon Bilbao Elkarteak, Adela Elkarteak, Zeliakoen Elkarteak eta ausazko jokoen nahasmenduetan, substantziarik gabeko adikzio berrietan, indarkerian eta prozesu kognitiboetan aditua den Ana Estévez Gutierrez irakasle eta ikerlariak.

Omenaldi horren bidez, Udalak, beste behin ere, berretsi egiten du Osasun Komunitarioarekin duen konpromisoa; izan ere, esparru horretan, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakunde horiek osasunaren sustapenaren, prebentzioaren eta gizarteratzearen arloan egiten dituzten programa ugari babesten ditu.

OSASUNAREN MUNDU EGUNA

Urtero, egun horretarako, OMErentzat lehentasunezkoa den kezka-eremu bat nabarmentzen duen gaia aukeratzen da. Egungo pandemiaren, planeta kutsatuaren eta gaixotasunen intzidentzia gero eta handiagoaren aurrean, Osasunaren Mundu Eguna 2022ren leloa “Gure planeta, gure osasuna” da.

Deialdia aukera paregabea da pandemiaren osteko berreskuratze berde eta osasungarria lortzeko, pertsonen osasuna eta planeta ekintzen erdigunean jarriz eta ongizatea ardatz duten gizarteak sortzeko mugimendua sustatuz”, nabarmendu du Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak sariak banatzeko ekitaldian.

OMEk gogorarazten digu arazo askoren konponbidea osasun-sektorearen eremu esklusibotik haratago dagoela, eta, beraz, erantzun eraginkorrak administrazio guztien eta gizartearen ikuspegiak eskatuko dituela”, zehaztu du.

Horrela, Udalak aurrera egin du udal-gobernantzan, osasuna udal-politikaren ardatza izango den hiriaren balio gisa ulertuta.

Osasuna gaixotasunik eza baino askoz gehiago da. Hiri osasuntsua sustatzeko, osasuna jarri behar da udalaren jarduketaren buruan, eta Udalean ez dugu zalantzarik, hiri moderno eta aurreratu batek osasungarria izan behar du. Horregatik, osasuna modu integralean landu behar da, arlo guztietako jarduketak koordinatuz”, ziurtatu du Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo zinegotzi eta Alkateordeak bere hitzaldian.

2022KO AINTZATESPENAK:

BAGABILTZA FUNDAZIOA

Bagabiltza Fundazioa izan da osasunaren sustapenaren alorrean aintzatesia. 1998. urteaz geroztik, irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakundea da, eta gizarte- eta hezkuntza-arloan egiten du lan. Batez ere emakumeei dago zuzenduta, eta emakumeen bizi-kalitate handiagoa eta garapen pertsonal, sozial, hezitzaile eta ekonomiko hobea bilatzen duten prozesuak sustatzen ditu.

ALKOHOLIKO ANONIMOAK ETA ALANON

Mendekotasunen esparruan, duela urte askotatik Bilbon jarduten duten bi erakunde “kidek”, Alkoholiko Anonimoek eta Alanon Bilbaok, jaso dute saria.

Bilboko Alkoholiko Anonimoak nazioarteko erakundea da, 1968tik daude Bilbon eta, gaur egun, bost talde dituzte. Horiei esker, alkoholismoak jotako ehunka pertsona sendatu dira.

Alanon, Alkoholiko Anonimoen “ahizpa txikia” den arren, oso ezezaguna da. Bilboko bere hiru taldeetan alkoholikoen senitartekoak hartzen ditu, haiek errekuperatzen ari diren ala ez kontuan hartu barik. Alanonek gizarteari gogorarazten dio alkoholismoaz gaixotutako pertsona bat dagoen lekuan familia bat dagoela sufritzen, larritzen, gaixotzen… eta, oro har, bakarrik eta laguntza barik egiten duela.

ADELA ELKARTEA

Kaltetuen arloan, Adela elkartea izan da saritua. Adela Bizkaia, gure probintzian ELAk kaltetutakoen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzen duen elkartea da. Alboko esklerosi amiotrofikoa, ELA esaten zaiona, gaixotasun ezgaitzaile larria da, baina ez da hori sortzen duen zergatia ezagutzen, eta gaur egun ez dago horretarako tratamendurik. 25 urteko ibilbidean, besteak beste laguntza emozionala eman die kaltetuei eta haien familiei, eta hori funtsezkoa da.

ZELIAKOEN ELKARTEA

Kaltetutako pertsonen eremuan, baita ere, EZE, Euskadiko Zeliakoen Elkartea, 1982an sortu zen, eta Euskadin erreferentzia da gaixotasun zeliakoa diagnostikatuta duten guztientzat. Bere lana, duela 40 urte sortu zenean bezala, zeliakoen interesak defendatzea, haien bizi-kalitatea hobetzearen alde lan egitea edo gizartea patologia horren inguruan heztea eta sentsibilizatzea da.

ANA ESTÉVEZ GUTIÉRREZ

Ana Estévez Gutierrezek merezitako saria jaso du, bere ibilbide profesionalarengatik (psikologoa, irakaslea, ikerlaria eta trebatzailea) eta bi hamarkada baino gehiagoan EKINTZA ALUVIZ BILBAO elkarteari emandako laguntza desinteresatuarengatik. Elkarte horrek ludopatiak eta beste portaera-mendekotasun batzuk dituzten pertsonak artatzen ditu. Orain dela gutxi arte ikusezina izan den eremuan egin duen lanarengatik, jokabideko edo substantziarik gabeko adikzioetan, eta ausazko jokoei dagozkien adikzioetan, hain zuzen ere.