Bikotekide edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria matxista jasan duten neska nerabeentzako arreta integrala, Azpeitian

0
Neska nerabe eta adin txikikoek (13-17) eta adin nagusiko emakume gazteeek (18-21 urte) pairatzen dituzten indarkeria matxista egoerak antzeman eta arreta eskaintzeko zerbitzu integral berria jarri du Azpeitian. Zerbitzuaren inguruko informazioa edo kontsulta egin nahi dutenek nerabeak@edefundazioa.org helbidera idatzi edo 747 45 85 82 zenbakira deitu dezakete.

Arreta integrala emateko unitatearen abiapuntu nagusia nerabeek beren bikotekideengandik edo bikotekide ohiengandik jasandako abusuzko harremanak izango dira. Halaber, “bikote” harremanak izatera heltzen ez diren arren, nolabaiteko lotura afektiboa, sexuala, eta/edo biak dituzten harreman-egoerei ere eskainiko die arreta.

Nerabeek bizi dituzten indarkeria-egoeren inguruko kontzientzia hartzeko aukera ematea da zerbitzuaren helburua, egoera horietatik atera ahal izateko. Abiapuntua biktimarentzako ikuspegi ahalduntzailea eta begirada feminista izango dira, berdintasun harremanak eta tratu onak sustatuz.

Helburu zehatzak

  • Nerabeei laguntzea eta haien segurtasuna indartzea da xedea, prebentziotik hasita, bestelako kalteak eta/edo indarkeria matxista berriro pairatzea eragotziz. Era berean, ingurune fisiko seguru eta fidagarrian bizitzea erraztu nahi da, maila psikologikoan, emozionalean eta/edo moralean, batez ere.
  • Nerabeei emozionalki osatzen eta autoestimua berreskuratzen laguntzea, distantzia hartuz eta/edo erasotzailearengandik edo erasotzaileengandik banatzeko erabakia hartzeko gaitasunak garatuz, edo baita etorkizuneko eraso-saiakera posibleen aurrean babesteko tresnak garatuz ere.
  • Nerabea gizarteratu eta komunitatean integratu ahal izateko izaera soziala eta komunitarioa duen esku-hartzea erraztea, eta baita bere familiako, gizarteko eta komunitateko sareekin dituen harremanen eta loturen mapa berreraikitzen laguntzea ere.
  • Pairatu duten indarkeriatik eratorritako min soziala eta/edo traumatikoa gainditzen laguntzea biktima izan diren nerabeei.
  • Egoera horrek pertsona heldua izatera iritsi arte nerabe batek eraiki eta landu behar dituen arlo desberdinen garapena arriskuan jartzea saihestea.

Zerbitzu integral horren baitan, indarkeria matxista jasan duen emakume nerabeari zein bere familiari eskainiko zaio asistentzia. Nerabeari hainbat saioren bidez, informazioa, orientazioa eta arreta psikosoziala eskainiko zaio. Familiari, berriz, informazioa, orientazioa eta aholkularitza. Nerabeei espazio segurua eta konfidentziala eskaintzen zaie.

Zerbitzu pilotua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak finantzatu du berrikuntzarako laguntzen baitan.

Zerbitzuaren inguruko informazioa edo kontsulta egin nahi dutenek nerabeak@edefundazioa.org helbidera idatzi edo 747 45 85 82 zenbakira deitu dezakete.

Zerbitzua aurrez aurre (Azpeitian) eta modu ez presentzialean emango dute.

Harremanetan jartzeko (aurrez deitu behar da)  +34 747 45 85 82 telefonora deituta,   @nerabeak Telegrameko kontuan edo nerabeak@edefundazioa.org helbidera idatzi behar da.