Eusko Jaurlaritzak Europako funtsen inguruan Espainiako Gobernua egiten ari den kudeaketa kritikatu du gaurko Konferentzian

0

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Andoni Iturbe Kultura sailburuordearekin batera, Sevillan egin den Kulturaren Konferentzia Sektorialaren XXX. Osoko Bilkuran parte hartu du gaur goizean.
Gai-zerrendan, besteak beste, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kulturaren arloan planteatutako ekintzei buruzko gaiak, kultura-bonua eta Artistaren Estatutuari buruzko lanak zeuden eztabaidagai.

Hori dela eta, Zupiriak gai honi buruzko puntuaren aurka bozkatu du, Espainiako Gobernua Europako berreskuratze-funtsak politikoki kudeatzen ari den moduarekin ados ez dagoelako. “Eta ez gaude ados, ezta ere, kasu askotan eskumen esklusiboak izanik, Ministerioak ez dagozkion kultura-politikak zuzendu nahi izatearekin funtsen egokitasunaz baliatuta. Gogoratu behar da funts horiek Europar Batasunean dutela jatorria eta Batzordeak erakunde publikoen esku utzi dituela pandemiak eragindako inpaktuei aurre egiteko eta jarduera ekonomikoa zein kulturala bultzatzeko”.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du ez datorrela bat Sevillako Konferentziara eraman diren banaketa-irizpideekin ez eta Europako funtsen erabilerari buruz Ministerioak bere kabuz ezarritako jarduera-ildoekin ere.

Artistaren Estatutuari dagokionez, Euskadik uste du premiazkoa dela sormenarekin zerikusia duen zeregin horri irtenbide bat bilatzea.