Jokin Bildarratz: «Legebiltzarrak lezioa eman digu gaur euskal gizarteari»

0

“Legebiltzarrak lezioa eman digu gaur euskal gizarteari, hezkuntza herri honen etorkizunerako ardatzean ipini baitu”, azaldu du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Legebiltzarrean, ganbera honek, osoko bilkuran, etorkizuneko Hezkuntza Legearentzako oinarriak ezarriko dituen irizpena onartu ostean.

Gaur Legebiltzarrak bidali duen adostasun mezua nabarmendu du Bildarratzek, desberdintasunak gainditzeko egin den ahalegina azpimarratuz. “Legebiltzarraren %90k hezkuntzaren inguruan adostasun bat lortzea benetan da mezu garrantzitsua. Ikaslea erdigunean jarrita, hezkuntza gai garrantzitsutzat hartuta. Etorkizunerako mezu bat da, eta politikatik haratago adostasuna bilatu da”.

Sailburuak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak erantzukizun eta ilusio handiz jasotzen du orain ganberako osoko bilkurak berretsitako dokumentua, lege-aurreproiektua osatu arte lanean jarraitzeko. Lege-aurreproiektu hori, lehenik, Gobernu Kontseilura bidaliko da udazkenean, eta, ondoren, berriro igorriko da Legebiltzarrera, lege bihur dadin. “Konpromisoa hartzen dugu Legebiltzarrak bidalitako agindua ahalik eta leialtasun handienarekin saiatuko garela betetzen”.

Ildo horretan, nabarmendu du legearen testua idazteko lanean ere orain arte bezala jarraitzeko asmoa duela, hau da, hezkuntza-eragileekin batera.

Azkenik, Legebiltzarreko Lantaldean parte hartu duten ehun eragile ingururen lana eta ekarpenak eskertu ditu, baita txostena babestu duten talde parlamentario guztien ahalegina ere (EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-EB) adostasuna lortzeko.