Bilboko Udalak Indautxu Plazan argiztapena eta bideak hobetzeko eta umeendako olgeta eremu berri bat egiteko obrak bukatu ditu

0

Bilboko Udalak bururatu ditu dagoeneko Indautxu plazan egitekoak ziren hobekuntza-lanak. Obra horien artean sartzen dira umeendako olgeta-eremu berri bat ipini izana, argiztapena hobetu izana eta zenbat elementu berritu izana, hala nola beirak eta barandak, metroko sarrerak eta aparkalekuak bat egiten duten lekuaren inguruan.

Indautxu plazan izan dira gaur goizean, egindako lanen emaitza ikusten, Juan Mari Aburto alkatea, eta berarekin batera Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzia eta udaleko beste kide batzuk.

Lehendik zegoen olgeten eremuaren ondoan, umeentzako gune berri bat ipini da. Zehazki, plazak Gregorio de la Revilla kalearekin bat egiten duen lekuan, Karmengo Gure Amaren elizaren ondoan: hainbat elementu ditu, bost eta hamabi urte bitarteko umeendako.

Hogeita lau pertsona har ditzake instalazio berriak, eta sarez eta eskalatzeko elementu makurtuz egina dago: eskalatzera gonbidatzen du, eta lagundu egiten du zenbait gaitasun hobetzen, hala nola zalutasuna eta oreka, edota harremanak egiteko gaitasuna.

Jolaserako elementuak eta haiek jartzeko egindako obra (obra zibila, 60 metro koadro kautxuzko zoladura segurtasunezko eta labangaitzez…), sei astean gauzatu dira, eta 67.000 euroko aurrekontua izan du.

Antzeko aurrekontu bat, 62.054,97 eurokoa, Indautxu plazan bideak hobetzeko baliatu da. Zehazki, ordeztu egin dira metrora eta aparkalekura sartzeko beirateak, eta zigilatu egin dira sabaiak Urkixo zumarkaleko eta Gregorio de la Revilla kaleko sarbidean. Halaber, babeserako eskudelak ezarri dira sarreren inguruetan.

Beirak, bestalde, xafla iraotuzkoak dira, eta serigrafia distiragabe eta marradunak daramatzate, eta, eskudelak, aldiz, altzairu ezin herdoilduzkoz, eta inguruko gainerako eskudelen antzeko diseinuarekin.

ARGIZTAPENA HOBETU ETA AREAGOTZEA

Inguruan gauzatu den beste hobekuntza-lan bat izan da argiztapena hobetzea.

Hala, urtarrilaren amaieran, Bilboko Udalak bururatu egin zuen plazaren argiztapenaren areagotzea, 5.817,82 euro baliatuta. Hobekuntza izan zen gainak bainatzeko hamar gailu ezartzea (proiektagailu linealak), 17,5 W-eko potentziakoak eta led teknologiakoak, berinapeen inguruan dauden zutabeetan.

Egikune hori gehitu behar zaio 2020an egindako beste bati (orduko hartan 48.568,39 euro baliatu ziren). Aldi hartan, 44 gain-bainatzaile ezarri ziren, 17,5 W-eko potentziadunak, eta 41 gain-bainatzaile, 8 W-eko potentziakoak eta led teknologiadunak, plaza osoan dauden zutabeetan.

AUZOKIDE PLANA

Indautxu plazan egindako lanak uriko auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan egin dira.

Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat da Auzokide Plana. Haren bidez, aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.

SARE SOZIALAK: