Barrutiko Plan Estrategikoa lantzeko proposamena eta Berdintasun Plana aurkeztu dira Donostian

0

Ekitaldeko Barrutiaren batzarrak bilera egin zuen asteazkenean, eta bertan, bi plan aurkeztu zituzten. Lehena Ekialdeko Barrutiko Plan Estrategikoa lantzeko proposamena izan zen, Diagnostiko Lantaldearen eskaeratik abiatuta. Lantalde honek gainera, lan hori egiteko oinarriak landu zituen.

Aurkezpenean prozesua garatuko duen Paisaje Transversal enpresako arduradunek eta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendari eta kordinatzaile Kepa Kortak parte hartu zuten. Bertan, azaldu zuten, planak mundu mailako markoa zein tokiko estrategia planak izango dituela kontuan. Eta helburua da, barrutia osatzen duten hiru auzoak dituzten erronkei zein arazoei erantzun koherentea ematea.

Plan Estrategikoaren lanketa bi fasetan garatuko da. Lehena, uztailera arte luzatuko da, eta bertan, hainbat elkarrizketa, lan-saio eta parte-hartze dinamika egingo dira. Bigarrena, aldiz, iraila eta azaroa bitartean egingo da, eta bertan, alde motorearekin zein sailarteko taldearekin saioak eta galdeketak egingo dira.

Behin bi fase horiek amaituta, 2023an planaren jarraipen tresnak eta bideak zehaztuko dira, eta prozesuari bultzada eta jarraipena emango dion talde eragilea osatuko da, arlo eta profil ezberdinetako 15 kiderekin.

Berdintasun plana

Batzarran egin zen bigarren aurkezpena, Ekialdeko Barrutirako Berdintasun Plana izan zen. Plana Daiteke enpresak landu du eta Berdintasun lantaldearekin egin du kontrastea. Eta plana egiteko gizon eta emakumeen egoerari buruzko diagnostikoa egin zen, datu kuantitatiboak eta kualitatiboak aztertuz, eta beti, marko normatiboa eta Donostiako Berdintasun Plana kontuan izanik.

Planak 4 urteko epea dauka, eta urtero plana gauzatzeko plan operatibo bat ezartzen da. Dena den, lehen plan operatiboak 18 hilabeteko iraupena izango du.

Lantaldeak

Azkenik, Barrutian osatuta dauden lantalde ezberdinek azken asteetan egindako lanen berri eman zuten.

– Hirigintza, mugikortasuna, mantenua, proiektuak eta obrak lantaldeak hainbat proiektu izan zituen hizpide: Oleta-Pikabea eremuaren aurreproiektua, Txaparreneko pasealekuko obrak, Larratxoko haur-parkearen estalkia, ETS Altza-Galtzaraborda lotura dela eta egin beharreko obren afekzioak eta honek zenbait eskuhartzetarako sortu ditzaketen aukerak, HAPOaren berrikuspenerako prozesua, Artxipiko argiteria eta edukiontziak.

Era berean, hurrengo bi bilera ezarri dira: apirilaren 25ean HAPOari buruz hitz egiteko, eta maiatzaren lantaldearen ohiko bilera egiteko.

– Berdintasuneko lantaldeak azaldu zuen hurrengo bilera apirilaren 27an egingo dutela, aurtengo plana operatiboa lantzeko.

– Gizarte gaiak, kultura, hezkuntza, ingurumena, euskara, osasuna: lehen bilera egin zuten eta lantaldeko erreferentea Ana Beatriz Molina Mestiza elkarteko kidea izango dela zehaztu zuten. Era berean, lantaldearen norabide eta helburua zehaztu zuten.

– Egituraketa: bilera egin zuten eta bertan eskuordetzen gaia landu zuten, bereziki Euskarari dagozkion gaiei buruzkoa, bertan Jon Insausti zinegotziak parte hartu zuelarik. Gaiaren konplexutasuna kontuan izanik eta prozesu administratibo bat behar duela eta, Euskara Zerbitzuan aztertuko dute horretarako aukerarik dagoen.