Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021eko Txostenak lehenengo aldiz jaso du bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako emakumeei buruzko 25 epai biltzen dituen azterlan pilotua

0

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Jon Mirena Landa UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendariak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duten Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021eko Txostenak lehenbiziko aldiz jaso duen azterlan pilotu batean sakontasunez eta ikuspegi juridiko-kriminologikotik aztertzen dira Euskadin bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako emakumeei buruzko 25 epai. Azterlan berritzailea eta aitzindaria da, eta gorroto-delituen eta genero-indarkeriako delituen arteko intersekzioa aztertzea du helburu.

Lanak agerian jarri du generoaren arrazoi diskriminatzailea egoera astungarri moduan sartu behar dela gorroto-delitu bat aztertzen eta epaitzen denean, beste delitu batzuekin ere egiten den bezala, esate baterako, erasoekin, homizidioekin edo hilketekin.

2002-2020 EPAIAK

Azterketa Euskadiko 25 emakumeren hilketengatik Euskadiko epaitegiek 2002tik 2020ra bitartean emandako epaietan oinarritzen da. Eta 25 kasu horiek aukeratu dira polizia-ikerketaren fasetik lehen auzialdian epaia ematen den fasera arteko trazabilitatea bermatzen dutelako.

Txostenak honako ondorioak egiaztatzen ditu:

    • Hilketak argitu ditu Ertzaintzak.

 

    • Ez da gertaera isolatua izan, baizik eta kontrol eta menderatze prozesu batean egin da, eta prozesu horretan emakumea indarkeria fisikoaren, psikologikoaren, sexualaren edo ekonomikoaren mende zegoen.

 

    • Egile gizonezkoei espetxe-zigor esanguratsuak jarri zaizkie.

 

    • Gero eta gehiagotan, epaileek zigor erantsiak gehitzen dizkiote espetxe-zigorrari, hala nola seme-alaben guraso-ahalaren eskubidea egikaritzeko desgaikuntza berezia edo guraso-ahala kentzea ama hil dutenean, aurrean zeuden ala ez kontuan izan gabe.

 

Hiltzailearen profilari dagokionez, azterlanak alderdi hauek jarri ditu agerian:

    • Bikotekidea edo bikotekide ohia hiltzen duen gizonaren batez besteko adina 46,4 urtekoa da.

 

    • Oraindik elkarbizitza-harremanen bat edo loturaren bat dute.

 

    • Kasu askotan faktore abiarazlea izaten da, hain zuzen ere, biktimak banantzeko edo harremana bertan behera uzteko asmoa jakinaraztea.

 

    • Kasurik gehienetan etxean egiten dio eraso eta/edo hiltzen du.

 

    • Neurri handiagoan, udako hilabeteetan eta asteburuetan.

 

    • Kasurik gehienetan arma zuri bat erabiltzen du.

 

    • Seme-alabak umezurtz uzten ditu.

 

Emakume horien % 70ek ez zituzten egitateak aurretik salatu.