Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk hitzarmen bat sinatu dute agenteak kriminologiaren eta biktimologiaren arloan prestatzeko

0

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Segurtasun Sailaren eta UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuaren (IVAC-KREI) artean Ertzaintzako agenteak kriminologiaren eta biktimologiaren arloan prestatzeko eta segurtasun publikoarekin erlazionatutako jarduera akademikoak egiteko lankidetza-hitzarmen berria sinatzeari. Besteak beste, delituei aurrea hartzeko ereduei, ekintza-planei, delituak egiteko arrisku-faktoreei eta abarri buruzko azterlanak eta txostenak egiteaz arduratuko da.

Hitzarmen berriarekin 2000. urtean sinatutakoa eguneratuko da, eta lau urteko indarraldia izango du eta urtean 125.000 euroko dirulaguntza jasoko du. Berrikuntza moduan, Kriminologiaren Euskal Institutuak kriminologiaren eta biktimologiaren arloko formakuntza-ikastaroak emango ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako agenteen garapen profesionalerako. Horrez gainera, gai horren inguruan ikastaroak, jardunaldiak eta bestelako formakuntza-jarduerak ere sustatuko ditu, besteak bestek, “Parez-pare” jardunaldiak, edo UPV/EHUren udako ikastaro bat Miramar Jauregian.

Bi erakundeak 1996tik ari dira elkarlanean, ikuspegi zientifikotik, delitugintzaren prebentzioarekin eta tratamenduarekin eta Euskadiko herritarren segurtasuna bermatzearekin zerikusia duten jardueretan, UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC-KREI) egindako azterlanen bidez.

Segurtasun Sailaren hiru ordezkarik eta UPV/EHUren ordezkari batek osatutako Jarraipen Batzordeak koordinatuko eta onartuko du garatu beharreko jarduera zehatzen urteko programa.