Iragarri dira Nekazaritza Politika Bateratuan 2022rako emango diren zuzeneko laguntzak, 44 milioi euro ingurukoak

0
Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza Politika Bateratuan (NPB) 2022rako emango diren zuzeneko laguntzak iragarri ditu, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuaren aginduz arautzen direnak. Ekitaldi honetako laguntzen zenbatekoa 44 milioi eurokoa izango dela zenbatetsi da. Laguntzen osotasuna Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak finantzatzen du, eta gobernu autonomikoaren Erakunde Ordaintzailearen bidez ordaintzen dira.

Urteko ordainketak honela banatuko direla aurreikusten dugu:

    • Oinarrizko ordainketa: 21,5 milioi

 

    • Ordainketa berdea (greening): 11 milioi

 

    • Laguntza sozialak: 9,55 milioi

 

    • Nekazari Txikientzako Erregimen Erraztua: 1,25 milioi

 

    • Nekazari gazteak: 0,7 milioi

 

Itxitako azken urteetan laguntza hauetan egindako ordainketen arabera, azkenaldian batez beste 44 milioi euro inguru jasotzen ari garela berresten da (2017an 43,52 milioi; 2018an 43,54 milioi; 2019an, 43,03 milioi; 2020an, 42,99 milioi eta 2021ean 2020an 45 milioi).

Laguntzen helburua da, belaunaldien arteko erreleboa lortzea, nekazaritza-sektorea modernizatzea, elikakatean berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea, nekazaritzako elikagaien industria babestea eta kalitate-bereizgarrien balio erantsia indartzea, besteak beste. Halaber, ingurumena eta paisaia naturala babestu nahi dituzte, nekazaritzako inguruan oinarrizko zerbitzuak hornitu eta nekazaritzako eta itsasertzeko inguruan lanpostuak sortu eta dibertsifikatu.

Eskaerak aurkeztea

Eskaerak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren menpeko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan edo legeak aurreikusitako edozein lekutan aurkeztuko dira. Epea datorren apirilaren 30ean amaituko da. Hala ere, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen bidez aldatu ahal izango da epea, betiere Europar Batasunak horretarako baimena ematen badu.  Alabaina, laguntza-eskabideak onartuko dira ezarritako epea amaitu eta hurrengo 25 egun naturaletan, baina horrelakoetan zenbatekoak ehuneko bat murriztuko dira, data hori gainditzen den egun baliodun bakoitzeko. Atzerapena 25 egun baino gehiagokoa bada, eskaera onartezintzat joko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen bidez egingo dira ordainketa horiek. Izan ere, funtsak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasotzen dira. Araudi komunitarioak eskatutako baldintzak bete ondoren, Erakunde Ordaintzaileak laguntzen onuradunei ordainduko die. Laguntzen kudeaketa foru-aldundiei dagokie eta, horiekin sinatutako hitzarmenen arabera, foru-aldundiek sartuko diete onuradunei laguntzaren zenbatekoa, bulego likidatzaile ofizialak direlako.