Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak 19,5 milioiko inbertsio pribatua mobilizatu du 2021ean birgaitze-lanetan

0

Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAREN bitartez, 19,5 milioiko inbertsio pribatua mobilizatu du 2021ean birgaitze-lanetan. Kopuru osotik, inbertsio pribatuko 11,7 milioi birgaitze babestuko eremuetako eraikinak eta etxebizitzak zaharberritzeko obrak dira, eta gainerako 7,8 milioi Etxebizitzako Renove Planaren bidez bideratu ziren.

Programa bien artean, iaz Bilboko 2.365 familiak jaso dituzte onurak beren eraikinak eta etxebizitzak hobetzeko lanetan, laguntzen eta dirulaguntzen bidez.

SURBISAren jarduera-eremuetan egindako birgaitze-obrei dagokienez, nabarmendu behar da zonen arabera Zazpi Kaleak eta Bilbo Zaharra direla inbertsio gehien egin dituzten eremuak eta, ondorioz, dirulaguntza gehien jaso dituztenak (5 eta 4,1 milioi euro, hurrenez hurren). Guztira, Bilboko 1.713 familiak jaso dituzte onurak beren eraikinak eta etxebizitzak hobetzeko lanetan, laguntzen eta dirulaguntzen bidez.

Hauek dira iazko SURBISAren balantzetik eta urian izan duen eraginetik ondorioztatzen diren kopuruetako batzuk, Ivan Calderón Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi ordezkariak egindako aurkezpenean.

SURBISAren bitartez, Hiri Berroneratzearen Sailak lan integrala egiten du: bitartekaritza, aholkularitza, laguntza eta laguntza ekonomikoak. Horri esker, izapidetutako eta onartutako dirulaguntzak, bai Eusko Jaurlaritzarenak bai gureak, 3.579.000 eurokoak izan dira, eta 19,5 milioi euroko inbertsio pribatua mobilizatu dute”, Iván Calderónek azaldu du. “Gure DNAri leial izanik, auzo behartsuenen birgaitzearen eta kohesioaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, bai eta eraikuntza-ingurune eta multzo bereziak hobetzearen aldekoa ere”, gehitu du.

Laguntza hainbat modutan bideratzen da. Nabarmentzekoak dira SURBISAk eraikinen eta etxebizitzen kontserbaziorako eta segurtasunerako emandako laguntzak (683.000 euro), irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna (392.000.000 euro) eta, azkenik, egoera ahulean dauden familientzako laguntzak (405.000 euro).

Horri guztiari 2021eko Etxebizitzen Renove Planaren bigarren deialdian mobilizatutako inbertsio pribatuko ia 8 milioi euroak gehitu behar zaizkio. Plan horrek 800.000 euroko laguntzak izan ditu ekimen honetarako, gizarte-kohesiorako eta suspertze ekonomikorako eta enplegurako premiazko neurriei buruzko Bilbao Aurrera 2021 Udal Planaren barruan, COVID-19ren ondorioen aurrean.

Bi helburu izan ditu: batetik, etxebizitzen barruan obrak egitea, kalitatea, erosotasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, eta, bestetik, 60 urtetik gorakoen edo mugikortasun-arazoak dituzten pertsonen etxebizitzen irisgarritasuna hobetzen laguntzea. Bigarren edizio honetan, programa uri osoko etxebizitzetarako izan da eta, guztira, 652 familiak jaso dute programa horren onura.

“Hiri Berroneratzearen Sailean, Surbisaren bidez, birgaitze-lanak sustatzen jarraitzen dugu, laguntza teknikoa eta soziala emanez, eta laguntza ekonomikoak emanez, betiere egoera txarrenetan dauden pertsonei begira, haien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz”, gogorarazi du Iván Calderónek.

IGOGAILU BERRIAK ZAZPI KALEETAN

SURBISAren laguntzarekin edo babesarekin egindako jarduketen tipologia esku-hartzearen arloaren arabera aldatzen da. Adibidez, Zazpi Kaleetan, 2021ean, igogailua jartzeko eman diren 12 obra-lizentziak nabarmendu behar dira. Horietatik bost amaituta daude, eta etxebizitza bakoitzeko batez besteko inbertsioa 11.400 eurokoa da.

Bilbo Zaharrean, berriz, eraginkortasun energetikoko eta igogailua jartzeko obrak nabarmentzen dira; batez beste, 8.600 euro inbertitu dira horrelako obretan. Iralan 11.600 euro inbertitu dira irisgarritasunean etxebizitza bakoitzeko, eta 18.000 euro etxebizitza bakoitzeko energia-efizientzian. Olabeagari begiratzen badiogu, batez besteko inbertsioa 18.415 eurokoa izan da birgaitze-lanetan, eta 23.150 eurokoa energia-eraginkortasunaz soilik hitz egiten badugu. Azkenik, Zazpi Landan, energia-efizientzian egin den batez besteko inbertsioa 10.222 eurokoa izan da etxebizitza bakoitzeko.

Nabarmentzekoa da etxebizitzen barnealdea hobetzeko inbertsio pribatua, bai Zazpi Kaleetan, bai Bilbo Zaharrean, familiak hara doazelako bizitzera edo dagoeneko bertan bizi direlako. Azpimarratzekoa da diseinuen kalitate handia egurrezko egitura eta espazio handiak dituzten espazio berezi horietan, ia 2 milioi euro inbertitu baitira 123 esku-hartzetan, horietatik 64 Zazpi Kaleetan eta 50 Bilbo Zaharrean.

Era berean, esku hartzen duen eremuetako inguruabarrak eta eraikinen egoera ezagutzeaz landa, SURBISAK hurbiltze bat egin ohi du egoiliarren errealitatera eta auzotarren erkidegoetan eratzen diren harremanetara. Iaz 174 esku-hartze egin zituen gizarte-kohesioa eta bizikidetza hobetzeko, ez bakarrik akordioak lortzeko —birgaitzearen hainbat alderdiri dagokienez–, baita beharrezko bizikidetza hobetzeko edo/eta lortzeko ere, espazio komunak behar bezala erabiltzeko eta mantentzeko. Hauek izan dira ohikoenak: komunitateko bileretan laguntzea, gizarte-ekintzako kasuak, eta kalteberatasunari eta berankortasunari laguntzea.

Horrek guztiak SURBISAk jarduten duen eraikinetan eta auzoetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzen du. Hala, kidetasun-sentimendua sortzen da, bizikidetza baketsuaren oinarriak ezartzen dituena, errehabilitazio-prozesu orok bilatu behar duen kohesio sozial eta solidarioari mesede egiten diona.