Bilboko Udal Hilerriarekin zerikusia duten argazkirik onenak sarituko ditu

0

Bilboko Udal Hilerriarekin zerikusia duten argazkirik onenak sarituko ditu lehiaketak, irudi bidez gunea sustatzeko eta prestigioa emateko.

Apirilaren 23rako (zapatua) antolatutakoak bezalako jardueren helburua da «Bilboko Udal Hilerriaren kultura eta arkitektura-, arte- eta paisaia-ondare aberatsa sustatu eta nabarmentzea», azaldu du Yolanda Díez Bilboko alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak.

Nahi duen adin nagusiko orok parte hartu ahalko du lehiaketan. Ekimena 09:00etan hasi, eta goiz osoan zehar luzatuko da, 14:00ak arte. Parte hartu nahi izanez gero, izena eman beharko da, apirilaren 22ko 10:00ak baino lehen, Bilbao Zerbitzuak-en webgunean horretarako zabaldutako atalean, edo mezua bidalita info@zbk.bilbao.eus helbidera. Gehienez ere, lan bi aurkeztu ahalko dira lehiaketara, 2022ko apirilaren 23an, 09:00etatik 14:00etara bitartean sortuak biak.

Lehiaketaren gaia hileta-artea izango da, bere adierazpiderik zabalenean. Arreta jarriko zaie, bereziki, gune hartako monumentu, paisaia eta berezitasunei, hileta-sinbologiari eta Hilerriaren ondare-balioari, bai eta Bilboko Udal Hilerrian nagusi den bake- eta harmonia- sentsazioa irudikatzeari.

Argibide gehiago behar izanez gero, interesdunek lehiaketaren oinarriak deskargatu ahal dituzte Bilbao Zerbitzuak-en webgunetik.

12:00etan, berriz, poesiaren eta musika klasikoaren zaleek aukera izango dute Asociación Artística Vizcaína elkarteak Kaperan eskainiko duen errezitaldira joateko, doan. Ekitaldirako hautatutako 18 olerki errezitatuko dituzte María José Domínguez, María Blanca Tinquero eta José Ramón López rapsodek. Euskal poeten lanak izango dira denak. Besteak beste, honako hauenak: Javier de Bengoetxea, Blas de Otero, Gabriel Aresti eta Gabriel Celaya.

Olerkiak irakurtzeaz batera, Zuriñe De Diegok, biolinarekin, eta Miren De Diegok, biolarekin, Joaquín Rodrigoren Aranjuezeko Kontzertuaren Adagioa, Johann Pachelbelen Canona, eta Luigi Boccheriniren Musica notturna delle strade di Madrid (Madrileko Kaleen Serenata) joko dituzte, besteak beste.