Barakaldoko Herriko Plazan Bilbao Orkestra Sinfonikoaren kontzertuen 100. urteurrena ospatzeko erakusketa bat egingo da

0

100 urteetako historia. Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) urteurrena ospatzen ari da eta horretarako, gaur goizetik Herriko Plazan ikus daitekeen erakusketa bat ekarri dute Barakaldora. Juan Crisóstomo de Arriaga- Bilbao Orkestra Sinfonikoa Fundazioaren presidentea eta Kultura eta Euskara diputatua den Lorea Bilbaok aurkeztu du gaur goizean ekimena Gorka Zubiaurre Barakaldoko Udaleko Alkatetzako zinegotziarekin batera. Paneletatik ibilbide bat egin ostean, BOSeko Charles Bingham (lehen biolinen bakarlaria) eta Luis Alberto Requejo (klarinete baxua) musikariek George Frédéric Fuchs-en Klarinete eta Biolinerako Hiru Duoak (1 eta 3) interpretatu dituzte.

BOSek lehenengo kontzertua eskaini zueneko mendeurrena ospatzeko, erakusketa ibiltari bat antolatu dugu, gure orkestraren historia foru-lurralde osoan zehar zabaltzeko asmoz. Bizkaia osoaren orkestra da BOS, horregatik, bizkaitar guztiekin batera ospatu nahi du efemeride garrantzitsu hau.

Erakusketa zortzi tokitan jarriko da ikusgai martxotik irailera bitartean. Ibilbidea martxoaren 17an hasiko da Arriaga antzokian; ondoren, Bizkaiko beste zazpi udalerri bisitatuko ditu, eskualde bakoitzeko bat, eta Urduñan amaituko da.

Hirugarren etapan, erakusketa honek Barakaldo bisitatuko du, apirilaren 21etik maiatzaren 5era bitartean. Asko dira udalerri honetatik orkestraren emanaldietara etortzen direnak, bai eta denboraldi sinfonikora eta ganberako denboraldira abonatuta daudenak ere; gainera, orkestra hainbatetan izan da bertan.

Herriko Plazan ikus daitekeenez, erakusketa hamabi atek osatzen dute, metro bateko zabalera eta bi metroko altuera dutenak. Ateek orkestraren historiako etapak zabaltzen dituzte, Bizkaiko historiaren isla ere badirenak. Ateetako bat Barakaldok eta Ezkerraldeak BOSekin duten loturari buruzkoa izango da.

«Kultura, eta zehatzago esanda, musika, gure zainetan sartuta dugun odol-kolore berezia da, eta hori ondo dakigu Barakaldon: Udal Musika Banda, Kontserbatorioa, udal-txistulariak, abesbatza- eta dantza-taldeak, folklorean eta rockaren munduan diharduten talde mordoa¿ Eta, neurri handi batean, musika-piramide horren gailurrean BOS jar daiteke; eta ikasten, jotzen edo gozatzen dugun guztiok bertan egon nahi dugu eta entzun egin nahi zaituztegu», adierazi du Gorka Zubiaurrek aurkezpenean. «Halaber, orkestran, besteak beste, Alejandro Pérez Ceballos, Iñaki Munilla eta Luis Fernando Núñez barakaldarrak izan ditugu, Barakaldoko Udalaren Musika Bandari lotuta egon direnak eta noizbait BOSen parte hartu zutenak. Hemen dago gaur gure aitorpena», azpimarratu du.

DATU INTERESGARRIAK

BOS Euskal Autonomia Erkidegoko orkestrarik zaharrena da. Lehenengo kontzertua 1922ko martxoaren 8an eskaini zuen eta harrezkero, Gerra Zibilaren bi urtetan izan ezik, bere jarduera mantendu du era jarraituan.

Fundatu zenetik, Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesús Arámbarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara, Juanjo Mena eta Günter Neuhold izan ditugu zuzendari titular gisa, eta 2015az geroztik, Erik Nielsen.

BOSek Bilboko Euskalduna Jauregian du egoitza 1999tik, eta bertan garatzen ditu bere denboraldi sinfonikoa eta ganberako denboraldia, jarduera didaktikoez eta izaera sozialeko jarduerez gain.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa Juan Crisóstomo de Arriaga- Bilbao Orkestra Sinfonikoa Fundazioak kudeatzen du, irabazi asmorik gabeko erakunde bat, iraupen mugagabekoa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sortua helburu horrekin.

BOSen jarduera bere jarraitzaile mordoen babesari eta patronoen ekarpenei esker garatzen da. Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala.