Bilbok Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat egin du

0

Bilbok Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat egin du aurten ere, baina oraingoan Areatzan antolatuta, eta bertan egin da gaur eguerdian ekitaldiaren aurkezpen ofiziala, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Hirugarren Alkateorde eta Berdintasuneko Zinegotziaren parte-hartzeaz.

Ekitaldian izan dira, halaber, Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Ganberako Presidentea, Kepa Torrealdai, Bizkaiko Liburu-saltzaileen Elkarteko Lehendakaria, eta Jon Arretxe eta Felix G. Modroño idazleak, Bilboko erakunde zein kultura munduko hainbat ordezkarirekin batera.

Nekane Alonsok jendaurreako agerraldian gogoratu duenez, “irakurtzeak jakintsu eta askeagoak egiten gaitu, irakurtzeak mundua ulertzeko aukera ematen digu eta ulertzeak mundua aldatzen laguntzen digu”.

Berdintasuneko Zinegotziaren esanetan, “inoiz baino gogotsuago lan egiteko garaia da ingurumen, gizarte, ekonomia eta are geopolitika arloetan ditugun erronka handi guztiak gainditu eta guztiok amesten dugun duintasunezko eta itxaropenezko etorkizun horretara hurbiltzeko, eta irakurketa eta kultura oro har armarik onenetakoak dira iratzartze kolektibo horretarako”.

Ekitaldi instituzionalaren ondoren liburuak saltzeko standei egin beharreko bisitaren aurretik, Alonsok “idazten dakitenei idazten jarrai dezatela” animatu eta herritar guztiak gonbidatu ditu “Liburuaren Nazioarteko Egunean parte har dezaten, liburuak erosiz, liburuak irakurriz eta liburuak oparituz, liburu onak ala txarrak, paperean nahiz euskarri elektronikoan, baina betiere gure alderik gizatiarrenarekin adiskidetuko gaituztenak”.

Liburuaren eta Egile Eskubideen Nazioarteko Eguna 1995ean ezarri zuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO), literatura unibertsaleko hiru idazle handiren oroimenez –Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Inca Garcilaso de la Vega–, hiruren heriotza gogoratzen baita apirilaren 23an.