Lankidetza-hitzarmen batek adimen artifiziala bultzatu nahi du manufakturaren euskal sektorean

0

Ideko zentro teknologikoak, BRTA aliantzako kidea, CFAA Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroak (UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen zenro mistoa), IMH Campus prestakuntza aurreratuko zentroak, eta BCAM Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroak gaitasunak batu dituzte ekoizpen-inguruneen digitalizazioa bizkortzeko. Aula AIMS, Artificial Intelligence Manufacturing for Sustainability, izena eman diote elkarlanaren bidez fabrikazio industrialaren sektorean adimen artifizialeko irtenbideak ezartzea sustatu nahi duen akordio berriari.

CFAAren instalazioetan kokatuta, Zamudioko Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, unitate honek adimen artifizialeko eta digitalizazioko azken teknologiak fabrikazio aurreratuko inguruneetara eramateko erronkari helduko dio. Horretarako, diziplina anitzeko aliantza bat sortu du, eta, proiektutik ziurtatzen dutenez, “funtsezkoa izango da digitalizazioa bizkortzeko eta euskal industriaren ekoizpen-sistemetan funtzio berriak txertatzeko”.

Sektore honetan adimen artifiziala bultzatzeaz gain, Aula AIMSek epe ertainera fabrikazio industrialaren sektoreek eskatzen duten berrikuntza sortzeko eta ingurune horien errealitatea etorkizuneko ikertzaileei hurbiltzeko gai diren profesionalak prestatzea du erronka. “Helburu hori lortzeko, profesional motibatuen, ilusionatuen eta egin beharreko bidearen ikuspegi komuna dutenen prestakuntza funtsezko pieza da. Horrela, gizartearekin eta industriarekin dugun konpromisoari erantzuten diogu”, proiektuaren arduradunen esanetan.

Lau zentro, helburu bat

Ekimenaren arduradunen arabera, Aula AIMS “mugarri bat da, teknologian eta berrikuntzan funtsezko jauzi kualitatibo bat emateko aukera emango diguna”, eta, horretarako, kolaborazaile bakoitzak bere talentua, teknologia eta esperientzia emango ditu. Idekok langile espezializatuak emango ditu, makina-erremintaren sektoreaz eta adimen artifizialeko teknologiez duten ezagutza gune berri honen zerbitzura jartzeko. CFFAk, UPV/EHUren zentro misto gisa, aeronautika sektorera zuzendutako fabrikazio aurreratuan duen esperientziarekin lagunduko du, telekomunikazio edo informatika arloetako langile kualifikatuez gain.

Bestalde, BCAMek, matematikak herrialdeko produkzio-sektoreetan izan dituen azken aurrerapenak ezagutzen dituenak, ekimenaren dimentsio zientifikoenean lan egingo du. IMH Campusek, berriz, UPV/EHUri atxikitako zentroak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak, fabrikazio aurreratuan adituak diren pertsonak prestatzen jarraituko du, industriak eskatzen dituen trebetasun eta gaitasunekin, lanbide-heziketaren, unibertsitate-prestakuntzaren eta etengabeko prestakuntzaren bidez.

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.