Euskadiko kalitatezko elikagai eta edarien 18 enpresak Madrilgo Salón Gourmets azokan parte hartuko dute

0

Euskadiko elikagai eta edarien hemezortzi enpresak beren produktu berritzaileenak izango dituzte ikusgai gaurtik aurrera Salón Gourmets 2022 azokan. Ekitaldi hori gama altuko produktu gastronomikoen Europako azoka nagusia da, eta apirilaren 28ra arte (osteguna) ospatuko da Madrilgo IFEMA azoka eremuan.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Euskadiko nekazaritzako elikagaien industriako enpresak nazioartekotzeko eta sustatzeko estrategia tarteko eta HAZIren bitartez, euskal enpresa horiek stand berean parte hartzeko aukera bideratu du, Euskadi Basque Country markaren babesean.

Eusko Jaurlaritzak euskal nekazaritzako elikagaien industriari ematen dion babesaren erakusgarri, asteazkenean Gourmetsen parte hartzen duten enpresek Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen eta Raul Pérez Iratxeta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren bisita jasoko dute.

Dastaketak Basque Txokoa gunean

Apirilaren hasieran Bartzelonan egin zen Alimentaria azokan bezala, Salón Gourmets azokan Euskadi Basque Countryren stand berriak Basque Txokoa izeneko gune bat izango du, euskal gastronomia eta, zehazki, bere elementu identifikagarrienetako bat, txokoak, lotzeko asmoz.

Basque Txokoa gunearen bitartez, espazio erakargarri bat gaitu da, enpresa erakusketari guztiek erabili dezaten eta beren produktuak sustatu edo dastatzeko eman ditzaten show cooking edo dastaketen bitartez, Aialako Ostalaritza Eskolaren eta Mikel Garaizabal enologo eta ardo dibulgatzailearen eskutik.

Gourmets azokan dastatzeko emango diren pintxoak enpresa erakusketari batzuen produktuekin egingo dira, besteak beste: Alakrana atuna (Echebastar), saltxitxa-taloa (Andres Eizaguirre), antxoa-tosta (Conservas Ortiz), sardina-tartarra (Conservas Serrats), Idiazabal gaztaren ohola, tortilla-pancakea (Gilda Aldizabal), txangurroa donostiar erara (Itsasoko), kontserbak (Salica-Campos), hainbat produktu (Vermuyten Professional Dairy Products) eta uztartutako edarien dastaketak (Euskal Gaztak).

Joeren eta abangoardiaren erakusleihoa

Salón Gourmets azoka nazioarteko plataforma entzutetsuena da, eta bertan, gama altuko joerak aurkezten eta gastronomiaren sektoreko estatuko eta nazioarteko profesionalak elkartzen dira: jatetxeak, ostalaritza, banaketa, cateringa eta saltoki espezializatuak. Aurten, 35. edizioa izango da, eta antolakuntzak espero du 70.000 profesionalek bisitatuko dutela eta pandemia aurreko parte-hartzeen zifretara iritsiko dela. Hain zuzen, ia 1.600 erakusketarik 40.000 gourmet produktu baino gehiago izango dituzte ikusgai osorik okupatutako 45.636 metro karratuko erakusketa-azaleran.

Salón Gourmets banaketako profesionalentzat (inportatzaileak/esportatzaileak, azalera handiak, e-commerce, txikizkako merkataritza, elikadura-kateak eta HORECA kanaleko espezialistak), ostalaritzako profesionalentzat eta kalitatezko elikagaien segmentuko espezialistentzat da.

Euskal enpresak Gourmets 2022 azokako Euskadi Basque Countryren standean

Hauek dira Salón Gourmets azokako 35. edizioan Euskadi Basque Country standean parte hartuko duten Euskadiko 18 elikagai-enpresak eta upeltegiak:

Vermuyten
Vermuytenek bere esnekiak eta elikagai prestatuak aurkeztuko ditu harrotzeko eta kozinatzeko esne-gainaren alternatibatzat.

Hamburguesas Eizaguirre
Eizaguirrek haragi freskoarekin eginiko hanburgesak aurkeztuko ditu, erantsitako koiperik eta glutenik gabekoak eta nitrogeno likidoarekin izoztuak (-80º-ko kriogenizazioa).

Itsasoko
AAKPK kalitate-sistema aplikatzen zaien artisau-prozesu onuragarrien bidez egindako platerak. Kanpoko laborategi batek ikuskatzen du, eta lehengaien, produktu amaituen, gainazalen, uraren eta abarren aldizkako azterketak egiten ditu.

Echebastarren Alakrana
Echebastar bere kalitate handiko atun ultraizoztuarekin, ketuekin eta azken belaunaldiko teknologiarekin egindako kontserbekin iritsi da Gourmets azokara.

Andres Eizaguirre
Kalitate handiko hanburgesak. Produktu guztien zapore, testura eta urtsutasun onena bermatzen duten haragi-zatiekin egiten dira. Ez dute erantsitako koiperik.

Gelati!! Gelati!!
Produktu berriak aurkezten ditu, besteak beste: artisau-izozkiak, fruitu lehor eta bio txokolatezko krema, bio pizza-oreak, eta ENEEK-k ziurtatutako izozki begano eta ekologikoen sorta. Artisau-izozki horietan garrantzitsuena da zapore berritzailea duen produktua, besteak beste: Idiazabal gazta, gurin-opila, ahuakatea, pomeloa, sesamoa, La Salve garagardo-izozkia, Gatikako barraskilo-izozkia, lanperna-sorbetea…

Conservas Serrats
Conservas Serrats enpresak kalitaterik onena eskaintzen du arrain-kontserbetan. Horretarako, lehengai onenak erabiltzen ditu: kalitate oneneko hegaluzea eta Kantauriko antxoa; bereziki hautatutako arrainak, arrantza-modu tradizionalak errespetatuta.

Lar de Paula / Heredad de Baroja upeltegiak
Lar de Paulak upeltegi esperimental bat du, berritzeko eta merkatura mahats-barietate bereziko ardoak, ardo oso helduak eta oso ekoizpen mugatuko ardoak ateratzeko.

Bacalaos Alkorta
Bakailao gazitua, gatzgabetua eta presio altuko gatz-puntuan izoztutako (HPP) bakailaoa landu eta banatzen ditu.

Bacalaos Ederpesca
Bakailaoa eta hainbat arrain landu eta banatzen ditu.

Bodegas García de Olano
Garcia de Olano upeltegi familiar bat da, lurra errespetatzen duen mahastizaintzarekin jarraitzeko filosofiari eusten diona. Mahatsaren % 100 beren mahastietakoa da eta hektarea bakoitzeko mahats ekoizpena mugatua da, ahalik eta kalitate handiena lortu ahal izateko.

Idiazabal Jatorri-deitura Arautzeko Kontseilua
Latxa arrazako eta Karrantzako ardi-esne gordinez egindako gazta ondua, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan ekoitzia. Bere jatorria naturan dago, Euskal Herriko paisaia berdeetan.

Conservas Campos – Salica Industria Alimentaria
Campos eta Salica kontserbek beren mendeurrena beteko dute Salón Gourmets azokan. 100 urteko esperientzia dute atun eta hegaluzearen kontserba-industrian, erro sendoak iraganean eta begirada etorkizun jasangarriago eta osasungarriagoan.

Conservas Ortiz
130 urte baino gehiago daramatza kalitate handiko arrain-kontserbak egiten, arrainaren jatorria, arrantza-moduak eta freskura errespetatzen. Kontserbak artisau-marka horren esentzia osatu duten prozesu tradizional zorrotzei jarraikiz egiten dira.

Eusko Label Gaztak
Kalitate handiko gaztak dira, Eusko Label zigiluak ziurtatutako eta jatorritik bertatik kalitate handia bermatzen duen esneaz egindakoak. Esne-ekoizpena zein elaborazio-prozesuak indarrean dagoen Europako araudikoak baino irizpide zorrotzagoei jarraikiz egiten dira.

Gildas Albizabal
Lehengai onekin eta Albizabal familiaren mimoarekin banana-banan egindako gildak.

Buruaga Arditegia gaztandegia
Buruaga Arditegiak bere ardi-gazta baino ez du egiten, banatzen eta saltzen. Gaztagintzan duen tradizioak eta bere lehengaia leku pribilegiatuetako (hala nola Euskal Herriko paraje berdeak) aziendetatik lortzeak nabarmenarazten dute.

Señorío de Arana
Señorío de Arana upeltegi familiarra da, eta ardoak tradizioari, ardurari eta kalitateari eutsiz egiten ditu, aurrerapen teknologiko modernoenekin eta mahastien prozesu begetatiboa zorrotz kontrolatuta.