Fundiciones Aizpuruak bere fakturazioaren % 35a dozena bat herrialdetara esportatzen du

0

Fundiciones Aizpurua enpresa gipuzkoarra Pasai San Pedroko industrialdean sortu zen duela ia 65 urte, eta 1975ean Oiartzunen ezarri zuen bere egoitza. Bertan, brontzeak eta erresistentzia handiko letoia zentrifugatzen eta mekanizatzen espezializatu da. Bere ibilbidearen hasieran, soilik estatuko merkaturako pieza landugabeak galdatzen zituen enpresak. Baina bere jardueran eboluzio bat eman da, “gure produktuei etengabeko balio erantsia emanez -batez ere mekanizazioaren bidez-, eta gure salmenta merkatuko nazioartekotze prozesu nabarmenaren ondorioz”, Igor Olagüe Ansak, Fundiciones Aizpuruaren zuzendari nagusiak, aitortu duenez.

Horrela, 80ko hamarkadan, Fundiciones Aizpurua bere produktuak esportatzen hasi zen, eta orain dozena bat herrialdetan du presentzia. Gaur egun, euskal enpresak 4,5 milioi euro fakturatzen ditu; “horietatik, merkatu nazionala % 65 da, eta zuzeneko esportazioak gainerako % 35a. Eta esportazio horietatik, % 30ak Europan ematen dira, eta % 5ak gainerako herrialdeetan,” azaldu du. Gainera, momentu honetan “Estatu Batuetan presentzia areagotzeko programa batean parte hartzen ari gara”, zuzendari nagusiaren esanetan.

Mekanizazio-prozesuaren garrantzia

Gipuzkoako enpresak tamaina handiko brontzezko piezak egiten ditu, 2.100 mm-ko diametrokoak eta 1.100 mm-ko luzerakoak, makineria esparruan edozein motatako aplikazioekin, ekipo-ondasunetan, esaterako. Fabrikazio-prozesua brontzezko lingote itxurako lehengaiarekin hasten da, gero piezen forma landugabeak lortzeko diseinu propioko tresnen bidez urtzeko. “Ondorengo mekanizazio-prozesuarekin, gure bezeroek eskatutako diseinuen osagai horien hornidura optimizatzen dugu”, zehaztu du zuzendari nagusiak.

Prozedura horren bidez, euskal enpresak osagai funtzionalak fabrikatzen ditu hainbat sektoretan erabiltzen diren makineria eta ekipo-ondasunetarako, hala nola: energia sektorean, ingeniaritza zibilean, automobilen eta hegazkinen fabrikazioan, meatzaritzan, makina-erremintan, motor-erreduktoreen sektorean edo siderurgian. “Besteak beste, Orona, ABB, Fagor, Voith eta Andritz enpresentzat lan egiten dugu”, aipatu ditu Igor Olagüe.

Gaur egun 26 langile ditu enpresak, bi pertsonez osatutako I+G+Bko sail batekin, berrikuntzaren aldeko apustu garbia eginez. Gainera, duela 40 urte baino gehiagotik Tecnalia zentro teknologikoarekin lan egiten du “negozio-aukera berriak sortuko dituzten berrikuntzak bilatzen”, Igor Olagüek aitortu duenez.

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.