Kontsumobidek gogorarazten du tabernek eta jatetxeek ontziratu gabeko ura dohainik eman behar dutela

0

Espainiako Gobernuaren 7/2022 Legeak nahiz Euskadiko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutuaren lege-aurreproiektuak ezartzen dute ostalaritzako establezimenduek iturriko ura edo ontziratu gabeko ura dohainik eman behar dietela bezeroei

Apirilaren 8tik, ostalaritzako lokalek ontziratu gabeko ura dohainik kontsumitzeko aukera eskaini behar diete kontsumitzaileei. Horixe ezartzen du Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, zehazki, 18. artikuluak, hondakinei aurre hartzera bideratutako neurriak jasotzen dituenak. Neurri horren helburua da erabili eta botatzeko ontzien kontsumoa murriztea eta kontsumo arduratsua sustatzea.

Neurria lerrokaturik dago Europar Batasunaren politikekin eta une hauetan Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari diren Euskadiko Kontsumitzaileen Estatutuaren legearen aurreproiektuarekin. Aurreproiektu horretan ezartzen denez, “elikagaiak alferrik galtzea saihesteko helburuarekin, jatetxe-zerbitzua ematen duten establezimenduek iturriko ura kontsumitzeko aukera eskaini behar diete bezeroei, eta inolako kostu ekonomikorik eragin gabe”.

Arau horiek Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak plastikoaren erabilpena, horiek ingurumenean duten eragin handiarengatik, murrizteko hasitako bideari jarraitzen diote. 293/2018 Errege Dekretuak plastikozko poltsa arinak ematea debekatu zuen, eta debeku hori 2021eko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean. Bestalde, erabili eta botatzeko plastikoei buruzko Europako zuzentarauaren, 2019an onartu zenaren, arabera, 2021eko uztailean jarri zen indarrean erabili eta botatzeko edalontzien, botilen, lastotxoen, plateren eta bestelako plastikozko ontzien gaineko debekua.

Kontsumobidek kontsumoaren arloko araudia ezartzen dela eta kontsumo arduratsua sustatzen dela zaintzen du. Arduratsua den eta ingurunea zaintzearekin konpromisoa hartuta duen kontsumoaren ikuspegi horretatik, pertsona eta erakunde guztioi dagokigu gure portaeretako batzuk moldatzea eta aldatzea. Era horretara, planetarekin adeitsuagoak diren harreman ekonomikoak eta gure ingurunearekin jasangarriagoa den harremana lortuko ditugu.

Hondakinak murrizteko helburuan funtsezkoa da ostalaritza-sektorearen laguntza, bai eta kontsumo-jarraibide berriak sendotzeko ere. Euskadiko ostalaritzak orain artean erakutsi du hondakinak murriztea helburu duten politiken eta, ekonomia zirkularrean aurrera egiteko, baliabideak berrerabiltzearen aldeko konpromisoa, eta, zalantzarik gabe, abantaila bat da konpromiso berri hau ezartzerakoan.